Santo Tomasetik Errege egunera, etenik gabeko festa

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 17a, 01:00

 

«Kanpaiak jaietan din-dan-din-din-dan-don» dio abesti ezagunak, eta hala izango da Her­nanin; kanpaiak jo eta jo izango dira herrian, bertan izango diren ekintzen berri emateko. Eta gaur entzungo da horien hotsa bigarrengoz, Hernaniko Ozenkik eta Goizuetako Umore Onak iluntzeko 20:00etan San Joan Bataiatzailean emango duten kontzertuaren aurretik. 

Hain zuzen, atzo hasi ziren Gabonetako entzunaldi bereziak; Kantuz abesbatzak urtero antolatzen duen kontzertua egin zuen elizan. Bertan izan ziren, besteak beste, Kantuz bera, Ozenki abesbatza, Goiz Eguzkikoa, Musika Eskolakoa eta Parrokikoa. 

Txistorra nonahi, gaur eta bihar
Bada egun berezi bat Euskal Herrian, Gabonei hasiera ematen diena: Santo Tomas eguna, hain zuzen. Asteazkena da aurten, horregatik, Her­naniko talde eta elkarteek asteburu honetara aurreratzea erabaki dute. Horrela bada, gaur jarriko dute postua horietako batzuk Plaza Be­rrin:  urtero bezala San Joan Konpartsa goize­ko 11:00etatik aurrera izango da han, eta Esku­baloi taldea ere izango da Txantxangorri elkartearen ondoan. Egun berean ere, kalejira egingo dute Ttarla taldeko dantzariek, 12:00etan Plazatik abiatuta; eta iluntzean, 20:00etan, Gabonetako kontzertua eskainiko dute San Joan Bataia­tza­ile-an Ozenki abesbatzak eta Hernaniko Musika Bandak. Eguna bukatzeko, 18:30etatik 20:30e­ta­ra, Patxi Perez taldeak dantzan jarriko ditu hernaniarrak. 
Bestalde, egun osoko festa izango da Milagrosan, Itxaski eta Kabi tabernek antolatuta. 11:30etan hasiko da haur jolasekin, eta 19:00e­tako kontzertuek borobilduko dute eguna. Tar­tean toka txapelketa, babarrun jana eta Gartxot kantautorearen emanaldia izango dira.
Bihar ere izango da zer gozatua, batez ere, herriko auzoetan. Goizeko 11:00etan hasiko da Zikuñagako txistorrada; ondoren, 12:00etan Portu eta Florida auzoetakoa, bigarren honetan, gainera, jaiotzen erakusketa eta sari banaketa egingo dute; eta azkenik, 12:30etan jarriko dute postua Lizeagako Larramendi kalean.

Musika aste osoan zehar, kaleak girotzen
Atzo eta gaur Parrokian egindakoak ez dira, or­dea, Gabonetako musika emanaldi bakarrak izan­go. Kontzertua eskainiko du asteartean ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko teklatu taldeak Biterin, arratsaldeko 19:00etan.
Baina, batez ere, ostiral eta larunbatean izan­go da musika protagonista nagusia. Arra­tsal­de­ko 17:00etan irteera egingo dute Musika Es­ko­la­ko ikasleek Plazatik abiatuta, eta ondoren, Txistulari Bandak eta piano-jole batek, kon­tzertua eskainiko dute 19:30etan, Milagrosako ka­peran.
Dena den, dudarik gabe, hilaren 24a da egun haundia; baserritar jantzia jarri, eta Gabonetako doinuak kalerik kale eramango dituzte her­na­niar haur nahiz helduek, goizetik hasi eta iluntzera arte: 10:00etatik 11:45era arte kale-buelta egingo dituzte herriko eskolek; arra­tsaldean, gauza bera egingo dute Ttarla dantza taldeak, Kantuz abesbatzak, Hernaniko Musika Bandak eta Bertso Eskolak. Baita Parrokiko Abesbatzak ere, izan ere, arratsaldeko 17:00etan eskainiko dute Agustindarren elizan urtero egiten duten kontzertua.
Eta noski, goxoki eta karamelu nahikoa izan beharko da etxean, ate-joka izango diren haur eta gazte­txoen sabelak nahikoa betetzeko adina.
 
Urte bukaera ere, borobila
Abenduko azkeneko astea ere, ekintzaz lepo dator. Ospakizun eta oporrez gain, herriko txoko guztiak alaituko dituzten taldeak ez dira faltako urtea agurtzeko. 
Horien artean, gazteek zita oso berezi bat izango dute abenduaren 28an. Telebistatik taula gainera egin dute salto Go!azen telesaileko gazteek, eta Biterin izango dira egun horretan. Kantuak, dantzak eta istorio ikusgarriak ikusi ahal izango dira eszenatokian. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ikuskizuna, abestiekin go­za­tzeko aukera galdu nahi?
Ez da aste horretako ekitaldi bakarra. Ostiral horretan, hilaren 30ean, Bertso Jaialdia izango da Hernaniko Bertso Eskolak antolatuta, eta bertan izango dira Gipuzkoako bertsolari ezagunetako batzuk. Gaueko 22:00­e­tan izango da ekitaldia, Biterin.
Urteko azkeneko eguna ere, bertsotan bu­katuko dute hainbat herritarrek. Izan ere, urtero bezala, urtezahar eguneko erronda egingo dute, arratsaldeko 17:30etan hasita, Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzaren eskutik.

Gabonak bukatzeko, Erregeen etorrera
Ia pentsatu gabe, horrela sartuko gara urte be­rri­an, 2017an. Herrian ez da etenik egongo ur­ta­rrile­ko aurreneko astean; Errege Magoen kalejira na­bar­menena, Gabonei bukaera emango diena.

EGITARAUA

Gaur
Goizean zehar, Eskubaloi taldeak postua Txantxangorri elkartearen ondoan.
10:00 Jaiotza eta Olentzeroa jarriko du Iturritxo elkarteak Atarrabillo parkean.
10:30etatik aurrera Bigarren eskuko azoka Urbieta kalean. Postua jarriko dute Hernani BHIko ikasleek ikasbidaiarako dirua lortzeko.
11:30 Ipuin faktoria: Mozoloaren Bidea ipuinaren aurkezpena eta kontaketa. Biterin. Dobera Euskara Elkartea.
11:30etatik aurrera, Santo Tomas Eguna Hernanin, Itxaski eta Kabi tabernen eskutik: haur jolasak, toka txapelketa eta babarrunada Gartxot kantautorearekin. 19:00etan, kontzertuak: Crap, Txipittu, Vietcong 68.
11:00 Santo Tomas Eguna Plaza Berrin, San Joan Konpartsarekin. Asteazkenean Donostian izango dira.
12:00 Kalejira Ttarla dantza taldearekin, Plazatik abiatuta.
12:00-14:00 AEK euskaltegiak Korrikako arropa saltzeko postua jarriko du Plaza Berrin.
18:30-20:30 Erromeria Plaza Berrin, Patxi Perez taldearekin. 
20:00 Gabonetako kontzertua San Joan Bataiatzailearen elizan. 

Bihar
11:00 Txistorrada Zikuñagako eskoletan.
12:00 Txistorrada Portu auzoko Ibarrolaburu Plazan. Auzo Elkartearen saskia zozketatuko da.
12:00-13:15 Santo Tomas eguna Floridan. Txistorra, jaiotzen erakusketa eta sari banaketa.
12:30 Txistorra-postua Lizeagan, Gibelalde Auzo Elkarteak antolatuta. Larramendi 7 eta 9 zenbakien arteko plazatxoan.

Abenduak 20, asteartea
19:00 Kontzertua: ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko teklatu taldeak. Biterin.

Abenduak 21, asteazkena
11:00 Santo Tomas eguna Goiz Eguzkin: sari banaketa eta txistorrada.

Abenduak 23, ostirala
Egunean zehar, Eskubaloien Eskolen arteko I. Topaketa. 
17:00 Gabonetako irteera kaleetan barrena, Plazatik abiatuta. ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleak.
19:30 Gabonetako txistu kontzertua. Txistulari banda eta piano-jolea. Milagrosako kaperan.
22:30 Bertsotruk, Garinen. Hernaniko eta Markinako bertso eskolen eskutik.

Abenduak 24, larunbata
10:15 Inmakulada ikastetxeko gabon erronda.
10:30 Urumea ikastolako gabon erronda.
11:00 Langile ikastolako gabon erronda.
11:45 Elizatxo ikastolako gabon erronda.
16:00 Gabonetako erronda. Biteritik abiatuta.
18:00 Olentzeroa kaleetan barrena, Ttarla dantza taldearen eskutik. Plazatik abiatuta.
18:30 Kantuz abesbatzaren gabon gaueko kale buelta. Milagrosako kaperatik.
20:00 Hernaniko Musika Bandaren gabon gaueko erronda. Plazatik abiatuta.

Abenduak 26, astelehena
10:00-13:00 Ludoteka kiroldegiko 1go pistan. 0-16 urte bitartekoentzat.

Abenduak 27, asteartea
10:00-13:00 Ludoteka kiroldegiko 1go pistan. 0-16 urte bitartekoentzat.
19:00 Kapulana bat zintzilik emanaldia. Miren Amurizaren eskutik. Biterin. 

Abenduak 28, asteazkena
10:00-13:00 Ludoteka kiroldegiko 1go pistan. 0-16 urte bitartekoentzat.
18:00 Go!azen haur-gaztetxo antzerkia.

Abenduak 29, osteguna
10:00-13:00 Ludoteka kiroldegiko 1go pistan. 0-16 urte bitartekoentzat. 
17:00 Zinea: Albert. Biterin.

Abenduak 30, ostirala
10:00-13:00 Ludoteka kiroldegiko 1go pistan. 0-16 urte bitartekoentzat. 
22:00 Bertso jaialdia Biterin (sarrerak egunean bertan). Bertsolariak: Xebastian Lizaso, Unai Agirre, Beñat Mujika, Etxahun Lekue, Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluze.

Abenduak 31, asteazkena
17:30 Urte zaharreko erronda.
17:30 Wukroren aldeko San Silbestrea.

Urtarrilak 2, astelehena
10:30 eta 12:00 Lau Haizetara olerki tailerra. 3-6 urte eta gurasoak. Biterin.

Urtarrilak 4, asteazkena
18:00 Pintto-pintto antzerkia. 3 urtetik aurrera. Biterin.

Urtarrilak 7, larunbata
16:30 Iparraldeko Norman zinea adin guztietarako. Biterin.

Urtarrilak 8, igandea
16:30 Iparraldeko Norman zinea adin guztietarako. Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!