Ohitura zaharrekin, urte berrira

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 17a, 01:00

Badira urteak, urte asko izan ere, ederki girotzen duela Urte Zahar eguna, herritar talde batek; kantuan, bertsotan eta trikiti doinuekin. 1980ko hamarkadarekin batera hasi ziren erronda egiten, urteko azken egunean, eta ordutik gaur arte bezala, aurten ere ez dute hutsik egingo: urteari bukaera onena ematera aterako dira kalera, 2016ko azken arratsaldean.
Jon Odriozolak kontatu digu, nola izan zen hasiera hura: «herri desberdinetan bazen ohitura, modu batera edo bestera, urteari agur egiteko. Eta nire aita zena, Tiburtzio, denek Patxi bezala ezagutzen zutena, jarri zen harremanetan Bingen Zupiriarekin; garai hartan, Bingenek trikitilari bikote bat osatzen zuen Miren Etxanizekin. Eta zergatik ez ote zituzten kopla batzuk berreskuratu eta berri batzuk egiten, urtearen bukaera girotzeko. Eta horrela hasi zen. Herriko gazte talde batek eta trikitilariek, osatu genuen ibilbidea kantari. Ni ere aurreneko hartan atera nintzen, 10-11 urte nituela».
Eta tartean ziren, baita ere, herriko bertsolari gazteak: «orduantxe ari ziren Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena edota Anatx, besteak beste, bertso munduan aurreneko pausoak ematen. Beti esaten da, plazarik zailena bertsolari batentzat, herriko plaza dela; eta uste dut beraientzat, entrenamendu leku aproposa ere bazela, jende artean abestea». Eta azkeneko urteotan, Ohitura Zaharrak abesbatzak, bertso eskolak eta trikitilariek, elkarrekin egiten dute Urte Zaharreko erronda hori.

«Ekimen polita da, herritarrok biltzen garelako, eta oso giro polita sortzen da»
Errondan sortzen den giroa nabarmendu dute Jon Odriozolak eta Joxe Ramon Beroitzek: «ekimen polita da, herritarrok biltzen garelako; eta herritarrak biltzen gaituen edozein ekimen, aberatsa da, elkartze hutsagatik. Eta oso giro polita sortzen da. Kale giroan, herritarren artean... Ederra izaten da».
Eta herritarrek bakarrik ez, taberna eta ostatuek ere jartzen dute beraien apurra: «eskertu behar dugu, tabernari eta ostalariek gurekin izaten duten eskuzabaltasuna; gu iristen garenean, beti ateratzen digute zerbait, jateko eta edateko».
Hasierako puntua, fijoa izaten du errondak: «Zaharren Egoitzan hasten gara, eta solairuz solairu joaten gara. Hunkigarria da, eta uste dugu herritar guztiak gogoratu behar ditugula. Poz pixka bat ematera joaten gara, kanpokoek baino gehiago behar dutelako haiek».
Handik, Plazara mugitzen dira, eta kale buelta hasten dute: Andrekaletik behera Zinkoe­neara, eta Kale Nagusitik gora Plaza Berriraino. Eta tartean, geldialditxoak taberna ezberdinetan.
Geldialdi bakoitzean, kopla batekin has­ten dira, trikitilarien laguntzaz: Dios te salve, ongi etorri, Gabon jainkoak diela, legearekin kunpli dezagun, Urte Berriaren bezpera.
Eta segidan, bertsolariei ematen diete hitza, «nahi duten doinu eta neurrian, esa­ten den bezala. Elkarri zirikatzeko aukera ere ematen die horrek».
Eta paradatik para­dara, trikiti­lariek alaitzen dute giroa.

«Erronda denentzako irekia da; hasieran lotsatuta datoz, baina engantxatu egiten dira gero»
Herritar guztiei luzatzen diete deia, erron­dan parte hartzeko: «denentzako irekia da, eta adin desberdinetako he­rritarrak elkartzen gara. Herriko kaleak oso plaza polita dira, kantuan eta bertsotan aritzeko. Jendea lotsatuta hurbiltzen da ha­sieran, baina gero, engan­txatu egiten dira; esaten dizute, primeran pasa dutela. Eta abeslari ona izan beharrik ez dago, noski! Gaizki abesten dutela diotenei, esaten diegu, ‘bagera bi orduan, bulla pixka bat egingo dugu!’», kontatu dute barrez.

Hiru erronda urtean, hirurak bereziak
Urtero urtero, hiru erronda egiten dituzte: Santa Ageda bezperakoa, San Joan erronda eta Urte Zahar egunekoa. «Hirurek daukate bere xarma», diote, baina batekin geratze­kotan, Santa Ageda bezperakoa nabar­men­du dute biek. Jende gehiago ere biltzen da egun ho­rre­tan, eta luzeagoa izaten da erronda bera: «oso errotuta dago, eta 1962tik egiten dugu».
San Joan erronda, berriz, duela 50 bat urte hasi ziren egiten, Txirritaren usadio bati jarraituz: «herrira etortzen zen, eta kale buelta moduko bat egiten zuen. Bi lagunek, herriko txutxumutxuak kontatzen zizkioten belarrira, eta bertsoak jartzen zituen berak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!