Hilabete osoan zehar hainbat ekintza antolatzen ari da Hernaniko Gazte Asanblada, Kontrakantxa Gaztetxeak 10 urte bete dituela ospatzeko.
Hain zuzen, gaur, iluntzeko 20:00etatik aurrera, aukera izango da 10 urte hauetako ibilbidea argazkitan biltzen duen erakusketa ikusteko.
Gaztetxea 2006an okupatu bazen ere, lehenago Paradorra zegoen lekuan txabola eraiki zuten gazteek. Hura bota zutenean, hainbat aldarrikapen egin zituzten, Gaztetxe bat behar zutela azaltzeko, eta horren harira okupatu zuten lehenago udal jangela izan zen eraikina. Horrelakoak eta beste hainbat bitxikeriaren berri jakiteko aukera izango da gaur, erakusketan.
Era berean, bertsolariak ere izango dira, giroa jartzeko, eta pintxorik ere ez da faltako.
Egun potoloa, berriz, biharkoa izango da.
Egun osoko festa, bihar
Urteurren festa borobiltzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko.
Hasteko, merkataritza alternatiboari buruzko hitzaldia izango da Gaztetxean, goizeko 11:00etan hasita, eta azoka ere jarriko dute.
Eguerdiko 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute, eta arratsaldeko 17:00etan, elektrotxaranga abiatuko da. Bazkaritarako txartelak Garin, Aker eta Goiz Argi tabernetan erosi daitezke.
Gaueko 22:30etatik aurrera ere, musika izango da nagusi: Egiaz itsuturik, Zaparra eta The Frankys taldeek kontzertuak emango dituzte.