Gabonak gainean ditugula-eta, Hernaniko Hezkuntza Plataformak Hezkuntza Eskola saio berezia prestatu du gaurko; 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian, jostailuen inguruan ariko dira: Arroxa ala urdina, jostailuek ba al dute sexurik?
Hezkuntza prozesuan garrantzitsuak, jostailuak
Haurrek jolasaren bitartez ikasten dute, eta, hain zuzen, horrexegatik, garrantzitsua da jostailu egokiak aukeratzea, Hezkuntza Plataformak azaldu duenaren arabera.
«Haurren hezkuntza prozesuan, bitarteko naturala da jolasa. Honen bidez sozializatzen ikasten da, eta baita norbanako izaera osatzen eta taldean aritzen ere. Jolasean, jostailuak erabiltzen dira, eta, beraz, garrantzia berezia hartzen dute ikaskuntza prozesuan».
Horrexegatik, gaurko saioan gurasoei hainbat giltza emango zaizkie, haurrentzako jostailu egokiak aukeratzen laguntzeko.
Jostailuak nola aukeratu, zein galdera planteatu eta zer izan kontuan aztertuko da gaurko saioan.
Sexuaren araberako bereizketari, ihes
Gabon garaian jostailu asko jasotzen dituzte umeek, opari. Gainera, publizitate gehiago jasotzen dute, eta honetan, askotan, «kolore arroxa eta urdinaren presentzia areagotu, eta jostailuen erabilera neska edo mutilen araberakoa izaten da».
Horregatik, jostailu egokiak aukeratzea «gurasoentzat erronka» bihurtzen dela dio Hezkuntza Plataformak. «Jostailuek berez sexurik izan ez arren, beren erabilera askotan sexu bati ala besteari esleitzen zaio». Beraz, horri aurre egiteko zein galdera egin azalduko zaie gurasoei.