Urteroko ohitura onei hutsik ez egiteko, aurten ere Gabonetako kontzertu berezia antolatu du Kantuz abesbatzak, herriko abesbatzen laguntzarekin.
Bihar iluntzeko 20:00etan izango da, San Joan Bataiatzailea parroki elizan.
Sei abesbatza, hamabi kantu
Kontzertua Kantuzek antolatzen badu ere, ez da bakarrik arituko. Herriko beste bost abesbatza ere ariko dira kantuan: San Joan Parrokikoa, Juan Jose Arreguik zuzendua; Musika Eskolako gaztetxoen abesbatza eta Dakapo abesbatza, Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean; Goiz Eguzki abesbatza, Javier Zubimendik gidatuta; eta Ozenki abesbatza, Imanol Kamioren esanetara. Kantuz abesbatza, ohi bezala, Igor Arroyok zuzenduko du.
Abesbatza bakoitzak bina abesti interpretatuko ditu; guztiak, Gabon girokoak: Navidad sin pandereta, Minuit chrétiens, Eguberri on!, Eguberri Eguberri-Goazen guztiok; Abestu dazaiogun; Halle, Hallelujah; Gaua argitu da; Oi Bethleem; Alai goazen kantari; Svetilen; Brijina Maite; eta Fum fum fum.
Asteburuan, Gabonetako beste bi emanaldi
Biharkoaz gain, Gabonetako kontzertu gehiago ere izango dira datozen egunetan.
Larunbatean bertan, Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzak emango dute kontzertua, Musika Bandarekin batean, 20:00etan elizan, baita ere. Igandean, berriz, Goizuetan ariko dira Umore Ona eta Ozenki, Getariko Bandarekin eta Doinu Zaleko akordeoiekin.