Karaokea, garagardo artisaua dastatzea, kantautoreen emanaldia... Denetik izan da azken egunetan, Kontrakantxa Gaztetxearen 10garren urteurrenaren bueltan, eta ospakizuna borobiltzeko, azken bi zita jarri dituzte, ostiralean eta larunbatean.
Argazki erakusketa, bertsoek eta pintxoek lagunduta
Azkenaurreko zita ostiralean jarri dute, iluntzeko 20:00etan. Gaztetxearen historia erakusten duten argazkiak bildu dituzte, eta horiek ikusteko aukera izango da, bertsolarien emanaldiak eta pintxoek lagunduta.
Larunbatean, egun osoan
Azken zita, berriz, larunbatean izango da; denetan potoloena, egun osoa iraungo baitu.
Goizeko 11:00etan hasiko dira, gaztetxean bertan jarriko duten azokarekin: merkataritza alternatiboa bultzatu nahi dute horrekin, eta gaiaren inguruko hitzaldia ere izango da.
Ondoren, 14:00etan bazkaria egingo da; txartelak salgai daude Garin, Aker eta Goiz Argi tabernetan. Eta gero, musika izango da nagusi. Elektrotxaranga abiatuko da 17:00etan, eta 22:30etan, kontzertuak izango dira: Egiaz itsuturik, Zaparra eta The Frankys.