EH Bilduk Kronikara bidalitako prentsa oharrean gogoratu du, 2016ko azaroaren 19an izandako Plenoan, aurrekontuari diru kopuru berriak gehitzea proposatu zela: «kreditu berri hauek balioko dute gauzatu behar diren egitasmo berriak finkatzeko. Diru kantitate hori, hartuko da Udalak aurreko urtean aurreztutako edo gastatu gabeko diru poltsatik». EH Bilduk dio, Plenoan abstenitu egin zirela: «proposamenak gabeziak zituela ikusi genuen; nabariena, izan zen aurreztutako poltsa honetan beste 397.000 euro baino gehiago geratzen zirela ikustea; diru kopuru hori non eta nola gastatu erabaki gabe dago».
«Alegazio epea aprobetxatu dugu»
Prentsa oharrean azaldu dutenez, EH Bilduk alegazio epea aprobetxatu du Udal Gobernuaren proposamena findu eta osatzeko: «aurreneko alegazioarekin, Udalak proposatutako partida bati soberan zituen 15.000 euro kendu dizkiogu, eta herri bideetara bideratzeko eskatu dugu. Gogoan izan behar dugu azken Plenoan onartu zela 2016, 2017, 2018 eta 2019an, urtero 150.00 euro inbertitzea herri bideetan. EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botuekin onartu zen, eta EAJren abstentzioarekin».
Oharrean azaldu dutenez 2016ko aurrekontuetan lan hauek egiteko 135.00 euroko partida dago aurreikusita: «baina Udalak oraingoz 37.111 euro gastatzeko gaitasuna besterik ez du izan. Hala ere, 2016an gastatzen ez bada, 2017ra pasatzeko aukera dago. Beraz, 2016ko kontuetan, 150.000 eurotara iristeko, 15.000 euro gehiago proposatu ditugu, eta hau gastatzen ez bada, 2017ra bideratzeko eskatu dugu».
Datozen urteko aurrekontuei ere, emendakina aurkeztu dietela azaldu du EH Bilduk: «herri bideentzat 150.000 euroak bermatzeko. Hala, datorren urtean 2016ko 112.889 euroak izango genituzke eta 2017ko 150.000 euroak. Hau da, herri bideetan inbertitzeko 262.889 euro. Oraingoan bai, presioa egingo dugu kopuru guztia 2017an gastatzeko».
«Haurreskola berrirako proposamena ere, egin dugu»
Bestalde, EH Bilduk gogoratu nahi izan du, Plenoak onartu zuela 2018an haurreskola berria Urumea Berrin martxan jartzea: «epeak betetzeko asti gehiegirik ez dagoenez, 347.000 euro proposatu ditugu haurreskolako proiektua idazteko eta lokal berriko egokitzapen obrak egiteko. Arduragabekeria da aurreztuta 397.000 euro izatea, kutxan alperrik gordeta izatea, herriak horrelako beharra duela ikusita».
Kopuru hori nahikoa ez dela ere azaldu dute oharrean: «aurrekontuetan beste bi emendakin aurkeztu ditugu: lanekin jarraitzeko 90.000 euro gehiago; eta lokalaren jabetza eskuratzean ordaindu beharreko BEZa pagatzeko, 78.750 euro». EH Bilduk egindako proposamen hauekin 2017an haurreskolan gastatzeko, gutxienez, 525.750 euro izango dira: «salagarria iruditzen zaigu EAJk, osoko bilkuran hartutako erabakiari muzin eginda, aurrekontuetan haurreskolarako 10.000 euro bakarrik aurreikusi izana».
Diruaz gain, epeak ere zehaztu dituztela azaldu dute oharrean: «2017ko martxo bukaerako jakingo dugu 2016an zenbat diru sobratu den. Ordurako proiektua idatzia egotea eskatu dugu».
Era berean, diote alegazio eta emendakin hauek EAJren gustukoak ez izan arren, Plenoak gehiengo osoz hartutako erabakia direla: «eta horiek lortzea da gure helburua. Erabakiak hartzea ondo dago baina garrantzitsuena da erabakitakoa betetzea, eta EH Bildu horren bermea izango da».