Zazpi Iturri ere ez zen harri haundiegia izan, hernaniarren bidean. Aurreneko bi partiduak jokatuta egin zuen aurrera, bide motzenetik, Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketa Nazionalean: final zortzirenak gainditu, eta final laurdenetan da Hernani, dagoeneko.
Aurreko asteko protagonista berdinekin (Ojuel min hartuta dago oraindik, eta Apezetxea aritu zen berriro), egin zion aurre Hernanik, Amezketako taldeari. Eta modu ikusgarrian hasi zen kanporaketa: tentsio haundiko partidua jokatu zuten lau t’erdian, Ioritz Arrietak eta Labaka amezketarrak. Hernaniarrak bizpahiru tantoren aldea hartu zuen hasieratik, eta alde horri eutsi zion bukaeraraino (18-15).
Lizeaga, berriro bikain
Eta aurreko astean bezala, bikain aritu zen Markel Lizeaga, buruz buru. Atzetik hasi zen, Zubiriaren kontra, baina eutsi egin zion partiduaren erdira arte (7-9), eta 11na berdindu ondoren, nabarmen nagusitu zen hernaniarra (18-12).
Kanporaketa irabazita zeukan Hernanik, eta ezin izan zuten hirugarrena irabazita borobildu, Oier Apezetxeak eta Eneko Aizpitartek. Ondo ekin zioten, baina Gelis eta Arangurenek hartu zuten tartea gero. Hala ere, partidua berdinduta joan zen, eta estu estu galdu zuten azkenean (20-22).
Final laurdenetan, Usurbilgo Pagazpe taldea izango dute kontrario; datorren igandean, 17:00etan Amezketan.