Bukaera ona eman nahi dio Hernanik, ligako aurreneko itzuliari. Eta zer hobe horretarako, aurkari zuzen baten zelaian irabaztea baino.
Sevillan ariko dira trikoloreak gaur, goizeko 11:00etan hasita, Cienciasen kontra. Ohorezko Mailara igo berria da talde andaluziarra, eta mailari eusteko borrokan kontrario izango du Hernanik. Baina kategorian berria izanagatik, ez ditu gauzak erraz jarriko. Bi partidu irabazi dituzte, hernaniarrek bezala, baina erasoko hiru bonus lortu dituzte, eta hiru puntu horien aldea ateratzen diete trikoloreei, sailkapenean.
Erasoan, arriskutsua
Horrek erakusten du, erasoan arriskutsuak direla sevillarrak, eta erraztasuna daukatela entsaioak egiteko orduan: hiru aldiz lortu dute lau entsaio edo gehiago egitea; eta 26 egin dituzte guztira, hernaniarrek baino 10 gehiago.
Beraz, defentsan erakutsi duten maila onena berreskuratu beharko dute hernaniarrek, oso garrantzitsua izan daitekeen garaipen bat lortzeko. Bultza Hernani!