Alerta laranja emana zegoen atzo eguerdira bitartean, euriteengatik. Joan den asteartetik 300 litro ur jaso ditu Añarbeko urtegiak metro karratuko, eta hori ere antzeman egin zen Urumearen ur mailan. Azken asteetako lehortea atzean utzi, eta urez gainezka zetorren atzo Urumea hainbat puntutan. Ura atera egin zen Fagollagako, Ereñotzu eta Ergobiako baratzetan; eta gauza bera gertatu zen Hernaniko punturik baxuenetan ere: Landare errugbi zelaia urez lepo zegoen egunak argitu zuenerako; eta Zubipe ere hartu zuen urak. Juan Rodriguez errugbi taldeko presidentea etsita zegoen egoerarekin, eta neurriak hartzeko dagoen beharra azpimarratu nahi izan zuen. Karabeletik urrundu gabe, Orbegozoko zubian ere nabaritu zen Urumearen ur emaria; izan ere urarekin batera errioak hainbat material ekarri zituen eta ataskatuta geratu ziren. Andoni Pikabea udaltzainburuak azaldutakoaren arabera, urak pasa zien abisua eta kamioi batekin kendu zuten zubian geratutako oztopoa. Florida eta poligonoa batzen dituen tren azpiko zubia ere hartu zuen urak atzo; Pikabeak azaldu moduan, puntu hau aurrenetarikoa izaten da Urak hartzen eta prebentzioagatik itxi egiten dute kotxe eta oinezkoentzako bidea. Osiñaga auzoan ere izan zuen eragina euriak: Pikabeak Kronikari azaldu zionez, luizia izan zen Loiditik Elorrabirako bidean.
Eguerditik aurrera pixkanaka-pixkanaka atertu egin zuen, eta ura ere hasi zen bere onera etortzen. Pikabearen esanetan: «Ereñotzuko estazioak emandako datuen arabera, ur kuota altuena 2,17koa izan zen».
Añarbeko urtegiak itxita mantendu zituen ateak
Añarbek atzo egindako adierazpenean azaldu zuen moduan, ateak itxita mantendu ditu, ur emari osoari eutsiz. Datuei erreparatuz gero, azaldu zuten igandean 84 litro jaso zituztela metro karratuko, urtegian. Euriak ez zuen atsedenik eman gauerditik aurrera ere, eta esan zutenez, astelehen goiza bitartean beste 26,8 litro jaso zituzten, metro karratuko. Joan den asteartetik hona, astebetean, guztira, 300 litro jaso dituzte metro karratuko.
Azpimarratu nahi izan zuten, baita ere, urtegiak normaltasun osoz jarraitzen zuela: «ura husteko bide guztiek itxita jarraitzen dute. Biltegiratutako ur bolumena asko eta azkar igo da, hala ere, urtegiak oraindik badu lekua, eta beraz, urtegiak itxita jarraituko du».
Alerta horia izotzagatik, gaur eta bihar
Gaur euririk espero ez bada ere, eguraldiak ez du atsedenik emango. Hotza egingo du datozen egunetan, eta Euskalmetek alerta horia eman du izotzagatik. Gaur, tenperatura maximoak 0 eta 5 gradu artekoak izango direla iragarri du agentziak, eta egunaren bukaeran izotza botako duela iragarri du.
Bihar ere ildo beretik jarraituko du eguraldiak. Termometroak bera egingo du eta tenperatura maximoa -1 eta 2 gradu artekoa izango dela iragarri du Euskalmetek. Hori horrela, izotzarekin kontu izateko eskatu du agentziak.