Beste hainbeste urtetan, euskera gure ahotan

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 3a, 01:00

Nafarroako eta Euskal He­rriko zaindaria da Frantzisko Xabierkoa, eta baita euskeraren zaindaria ere. Izan ere, kondairak dio 1552ko abenduaren 3an hil zela, Txinako Sangchuan uhartean misiolari zegoela, eta hil aurreko azken hitzak ama hizkuntzan, euskeraz esan zituela. Jaio, berriz, Nafarroan, Xabierren egin zen, 1506ko apirilaren 7an, eta Frantzisko Jatsu Azpilikueta izenarekin bataiatu zuten. Hil ondorenean, Goara eraman zuten haren gorpua.
Eusko Ikaskuntzak 1949an antolatu zuen aurreneko Eus­keraren Eguna, baina lehendik ere, Euskaltzaleak Bazkuna lagun, beste hainbat ekitaldi antolatzen zituen, Errepublika garaian; poesia eta bertso topaketak, adibidez. Era berean, Gerra Zibilean, Iparraldera ihes egindako askok ere lan haundia egin zuten, Eus­kal­tzaleen Biltzarra izenpean. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak izaera ofiziala eman zioten Euskeraren Egunari 1995ean.

Eta lehenago?
Baina, Euskeraren Eguna modu ofizialean ospatu aurretik ere, hainbat ekitaldi izaten ziren, euskerari bultzada emateko asmoz. Lore Jokoak ezagunak dira, eta Hernanin, adibidez, Euskal Jaiak antolatu ziren 1909an, aurrenekoz. 
Denboran atzerago ere joan gaitezke, ordea. Euskeraz bizi zen herria, lehenago ere. 

Euskal Jaiak 1909an

Eta euskera, atera zen plazara

Lore Jokoak egiten ziren lehendik Euskal Herriko hainbat txokotan. Hernanin Euskal Jaiak egin ziren aurrenekoz 1909an.

Erromantizismoan izan zi­ren hainbat prozesu, herrietako kulturak bultzatzeko, eta Euskal Herrian ere izan zen, Euskal Pizkundea. XIX. mendean hasi ziren antolatzen Lore Jokoak, musika, dantza eta, batik bat, euskal poesia bultzatzeko. Urruñan, 1853an egin ziren aurrenekoz,  Antoine Abbadie mezenasak bultzatuta. 1879an iritsi ziren Hego Euskal Herrira, Elizon­do­ra, hain zuzen. Eta pixkanaka zabaldu ziren gero. Hernanin, Euskal Jaiak antolatu ziren aurrenekoz 1909ko irailaren 17tik 22ra; 2009an berreskuratu ziren
Orduko hartan, Diputazi­o­ak antolatuta egin ziren, eta denetik izan zen: aurreneko egunean, Nekazaritza eta Abel­tzaintza Lehiaketa; biga­rre­nean, meza, bazkaria, au­rres­kua, musika, euskal dantzak, kontzertuak, konpartsa eta bertsolariak (Pello Errota, Txi­rri­ta, Gaztelu eta Olegario Ga­rin); eta azken egunetan, pul­tso, tiro eta literatura lehiaketak; azken hau, Lore Jokoetan bezala. Martina Zubillagak (ar­gazkian) eta Jose Telletxeak lortu zuten aurreneko saria. 

Euskera XVIII. eta XIX. mendeetan

«Hitz egiten den hizkuntza arruntean»

Lore Jokoak eta Euskal Jaiak euskal kultura eta hizkuntza berpizteko antolatu baziren, seinale lehendik ere euskera bazela.

Beranduago errekonozitu zen euskera hizkuntza ofizial. Bai­na lehendik euskera bazela era­kusten duten dokumentu asko daude.
Hernaniko Udal Artxiboan badaude hainbat ida­tzi berezi. Adibidez, 1761 eta 1765eko do­ku­mentu batzuetan, espainieraz badaude ere, euskerari erre­ferentzia egiten zaie. Au­rre­nekoan, irainengatik prozesatzeko auto batean, lekuko batek egindako deklarazioa euskeraz jasotzen da; en lengua hablada común. Bi­ga­rrenean, Ollokiegi burdinolako errenta dokumentuan es­kuiz­kribuak adierazten du euskeraz irakurri diela herritarrei, ulertu dezaten: ley y di a entender en lengua bulgar bascongada. Bestelako bitxikerien artean dago I. Karlis­tal­di­a­ri bukaera eman zion 1839ko abuztuko Bergarako Itunari bu­ruzko dokumentua, euskeraz jasoa: amasei batalloy zaldizco eta artilleriyarequin gue­rra sey urtian iraun dubena

Euskera XX.mendean

Debekuen gainetik, egunerokotasunera

Berpizkundearen ondoren iritsi zen, ordea, Frankismoa. Eta horrekin, debekua. Baina lortu zen aurre egitea; egun, euskera bada.

Aurreneko Euskeraren Egu­na ospatu zenean Francoren diktadurapean bizi zen Hego Eus­kal Herriko gizartea. Kul­tura eta hizkuntza euskaldunak de­bekatu eta jazarri egin zituen. Ez ziren, urte xamurrak. Baina euskerak ez zuen etsi.
60-70eko hamarkadetan hain­bat ekimen egin ziren euskal kultura bultza­tzeko. Ez Dok Amai­ru taldea ezaguna egin ba­zen ere, bestelako ekitaldiak ere egin zi­ren lehenago. Her­na­niko Aitor antzokian egin zen Jai-aldi bereziari buruz idatzi dute, adibidez, Jon Odriozolak eta Joxan Goi­koe­txeak Hernani 2016 urtekarian. 
Pixkanaka, euskeraren al­deko pausuak eman ziren. Eus­ko Jaurlaritzak 1982an onar­tu  zuen Euskararen erabilera normalizatzeko legea (10/82 Legea). Baina lehenago, frankismoaren ondorengo au­rre­neko udal hauteskundeen on­doren, 1979an, Hernaniko au­rreneko korporazioak elebitan jaso zuen akta. Gainera, itzultzailea kontratatu zuen, do­ku­men­ta­zioa euskerara itzultzeko. 

Euskeraren bilakaera Urumean

Ezagutza mailak gora; erabilerak, behera

2016ko datuak ezagutzea falta da oraindik, baina badirudi erabilerak behera egin duela pixka bat, aurreko urteetan ez bezala.

Soziolinguistika datuak, Her­nani eta Astigarragako eus­keraren erabileraren ingurukoak, 2011koak dira azkenekoak. 2016koak argitaratzear daude. 
Goizueta eta Aranoko az­ken datuak, berriz, Nafarroa­ko Gobernuak jasoak, 2001e­ko­ak dira. Kristina Urrutia, Lei­tzaldeako euskera teknikariak azaldutakoaren arabera, 2011n egin zen beste azterketa bat, «baina beste modu batean egin zen, oso lagin txikiarekin, eta ez dira konparagarriak». Hala ere, Eusko Jaur­laritzak argitaratzear dauzkan datuen zain, EAE eta Nafa­rro­an euskerararen erabileraren inguruko per­tzepzioa antzekoa dela dio Urrutiak: «badirudi erabilera jaisten ari dela pixkat bat. Izan daiteke biztanleriaren mugikortasun mai­la altuagatik: euskaldunak joan, beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituztenak etorri...».

Euskalduna, erditik gora
Aipatutako 2011ko datu horien arabera, Urumeako herrietako biztanleriaren erdia baino gehiago da euskalduna.
Hernanin, 2 urtetik gorako 18.915 biztanle zenbatu ziren 2011n, eta horietatik %57,3 zen euskalduna; %22,2 elebidun hartzailea; eta %20,5 erdaldun elebakarra.
Astigarragan, berriz, bi ur­te­tik gorako 4.733 biztanletatik %60 zen euskalduna; %23 ia eus­kalduna; eta %17 erdalduna.
Arano eta Goizuetako da­tu­ak 2001ekoak dira. Horien arabera, Aranon orduan zeuden 133 herritarretatik %87,2 zen euskalduna; %7,5 ia euskalduna; eta %5,3 erdalduna. Goizu­etan, 872 herritarretatik %94,8 zen euskalduna; %3,8 ia euskalduna; eta %1,4 erdalduna.

Hernanin, biztanleriaren %57,3 da euskalduna; Astigarragan, %60; Aranon, %87,2; eta Goizuetan, %94,8.

Gorako joera, noiz arte?
Euskeraren erabileraren eta baita ezagutzaren inguruko datuek ere, goranzko joera izan dute bai Astigarragan eta baita Hernanin ere, 1986tik 2011ra arteko 25 urteetan zehar. 
Hernanin, adibidez, euskaldunen euskera gaitasunak %44,2tik %57,3ra egin du gora urte horietan zehar, eta elebidunenak, %15,6tik %22,2ra. Erabilerak ere gora egin du, %21,30etik %39,1era.
Astigarragan, gaitasun maila ez da asko aldatu; %59tik %60ra. Hala ere, tarteko urte batzuetan %63koa izatera iritsi zen. Erabilerak, berriz, pittin bat egin du gora: %28,6tik %30,4ra. Aurreko urteetan, ordea, %45ekoa izatera iritsi zen. Hala ere, gaztelaniaren erabilerak ere behera egin du pixka bat, eta beste hizkuntza batzuen erabileran nabaritu da igoera txiki bat.
Aranon eta Goizuetan, bilakaeraren berri jakiteko, azken datuak ezagutu arte itxoin beharko da.

«Ezin gara lasaitu»
Kristina Urrutia, Leitzaldeako euskera teknikariak dio orain arteko datuak, orokorrean, oso onak direla. «Gazteek, adibidez, geroz eta gehiago erabiltzen dute. Baina etxeko erabilerak behera egin du. Askotan, bigarren hizkuntza sartu da, agian». 
Hori horrela, adi egon behar dela dio. «UEMAk ere egin du ikerketa, eta ikusi da hiriak euskaldundu egin direla, baina herri euskaldunetan pittin bat jaitsi dela erabilera. Ezin gara lasaitu». yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!