Agindutakoa betetzeko asmotan argitaratu berri du Xabier Solano Maiza ereñotzuarrak Trikitixa Liburua II. Eta horrekin batera, Ereñotzu diskoa. «Aurrenekoa ateratzerakoan esan nuen hiru liburu izango zirela, eta bat, berezia».
Aurkezpenean esan zenuen lan hau omenaldi bat dela. Jaioterriari? Familiari?
Herriari, familiari, lagunei, bizi izandako momentuei... Denei omenaldia da.
Biografikoa ere ba omen da. Asko kostatzen da biluztea?
Ez naiz asko biluztu. Omenaldi txiki bat egitea izan da kontua. Esan gabe uzten diren horiek esatea. Gurasoei kanta bat egin diet. Arrebari beste bat. Eskerrak emateko egin dut. Izan ere, hor daude beti, eta beti egon dira, trikitixa jo dudanetan. Beraiengatik naiz naizena. Era berean, Ereñotzun jaio nintzen, eta 17 urterekin egin nuen ospa. Baina beti egon da hor, eta beti sentitu naiz bertakoa. Oroitzapen asko dauzkat, eta horrelakoei ere abestiak egin dizkiet. Bizi nintzen herriari ere omenaldia egin nahi izan diot.
Behin eskerrak ematen hasita, laguntza izaten da askotan, atzean. Orain ere bai?
Noski. Diskoa dena nik egina da, eta letra bat ere bai. Baina gainontzekoak Jon Garmendia, Txuriak egin ditu. Gero, lagunartean egindako diskoa da, sentimendu haundikoa. Adibidez, Haritz Beristain, Txiki, ibili da perkusioan; 4 itzal taldean elkarrekin ibili ginen. Esne Beltzakoak ere badaude: Aitor Zabaleta, Jon Mari Beasain. Bestalde, mandolinarekin Harkaitz Miner; grabazioan Peio Gorrotxategi; Kris, arreba; Sorginak eta Kepa Junkera... Hernaniko Akelarrea omentzen duen kantu bat ere bada, eta argazkietan ere agertzen da, Ikorkotxek egindako batean...
«Sentimendu haundiko diskoa da, lagunartean egina»
Diskoa eta liburua kaleratu dituzu batera. Bigarrenak. Hirugarrena ere, buruan?
Trikitixa Liburua I kaleratu nuenean esan nuen hiru liburu izango zirela, eta bat berezia izango zela. Hau da. 14 abesti berri bildu ditut bertan, eta dena batera atera dut: liburua eta diskoa. Hirugarrena ere buruan daukat, baina kasu horretan, aurrenekoan bezala, aurretik ateratako kantuak bilduko ditut. Berriro ere liburua eta diskoa batera aterako ditut, eta aurreneko liburuari ere diskoa sartzeko asmoa daukat.
‘Ereñotzu’ izan da, berezia. Denetik bildu duzu bertan?
Denetik, bai. Bidasoatik harago kantuan Iparraldean bizi izan nintzenekoak dauzkat gogoan; Bidasoatik harago, Euskal Herri bat badago, esaten da bertan. Kris fandangoa, berriz, arrebari eskaini diot. Akordeoia ikasten hasi zen bera, Imanol Kamiorekin, baina trikitixarekin bukatu zuen. Bi tresnak nahastu ditut bertan, eta Joxean Goikoetxearen laguntza izan dut. Balsean, Sorotan Beleko Gorka Sarriegik abesten du; asko gustatzen zitzaidan taldea, eta lagunak nituen. Porrusalda bat Oialumeri eskainia da. Imanol Urkizu panderistak jotzen du, beti jarraitu izan baitut. Eta sarreran, 90eko grabazio txiki-txiki bat dago, eta nabari da Axintxio dela...
Eta Ereñotzu, zer da zuretzat?
17 urterekin joan nintzen bertatik, eta bertaratzeko ohitura galdu nuen. Bizitzak aurrera egiten du, Muguruzarekin nenbilela denbora gutxi neukan... Baina Esne Beltzarekin entsaiatzeko ostiralero Ereñotzura joaten hasi ginen berriro. Goizueta edo Ondarruri abestiak egin dizkiegu, festa girokoak. Ereñotzuri ere egin nahi nion, eta nostalgikoagoa da, txikitako oroitzapenak gordetzen dituena. Oso oso berezia da. Esne Zopak II izan behar zuen. Baina oso intimoa da, eta nere izenean dijoa.