Jarri diote eguna eta ordua, txotx denboraldi berriaren irekierari: urtarrilaren 14an izango da Hernanin; eguerdiko 12:00etan, Plazan.
Sagardo Apuruaren barruan jakinarazi zuten, ostegunean Donostiako Boulevarden; eta baita nolako sagardoa izango den ere: «gorputz eta estruktura haundikoa, eta usaintsua da 2016ko uztako sagardoa, eta txinparta finekoa», aurreratu zuten.
Aurreneko tragoak probatzeko aukera, bertan
Aurten, guztira, 12 milioi litro sagardo inguru egin dituzte Gipuzkoan; erabilitako sagarraren %45 inguru bertakoa izan da, eta %55 kanpotik ekarri behar izan dute, gehiena Frantziatik, eta Galiziatik ere bai pixka bat.
Ba litro guzti horietako aurrenekoak, dagoeneko probatzeko aukera izan zuten, ostegunean Boulevardera gerturatu zirenek. Sagardo berriaren dastaketa egin zuten, aurkezpenaren segidan.
Gainerakoek, urtarrilaren 14ra arte itxaron beharko dute (Astigarragan urtarrilaren 11n izango da txotx irekiera), sagardo berriaz gozatzeko.