Auzo Udalak deituta, auzo batzarra egin zen larunbatean. Bertan bildu ziren 40 bat bizilagunen aurrean egin zuen Auzo Udalak, 2016ko aurrekontuaren eta proiektuen errepasoa. Era berean, 2017rako aurreikusi den aurrekontuari buruzko azalpenak eman zituen, eta proiektu berriak zein izango diren ere azaldu zuen.
Lanak bukatuta, ia 20.000 euroko gerakina
Batzarra hasteko, 2016ko urtearen errepasoa egin zuen Auzo Udalak. Urtea oraindik bukatu ez bada ere, ia 20.000 euroko gerakina izatea aurreikusi du, eta egiteke geratu diren lan bazuk bukatzea.
Dagoeneko egindakoen artean, berriz, azaldu zuen ohiko zerbitzuak mantendu egin direla; baita ongintza, kultura, jai eta kirol eskaintza ere. Bestalde, Dobera eta Aranzadirekin hitzarmena berritu dela azaldu zuen, Kultura Ondarearen berreskuratze ahaleginean jarraitzeko asmoz. Zentzu horretan, aipatu zuen «aurten Txirritaren heriotzaren 80garren urteurrenak leku berezia» izan duela.
Azpiegiturei dagokienez, berriz, hainbat herri bide konpondu eta asfaltatu dira: Ugaldetxo-Pikoagaetxeberri eta Lastaola-Elorrabi, Larregain-Alkatxuin, eta, Hernaniko Udalarekin adostuta, Okendoenea-Añarregi eta Latxe-Izeneder. Era berean, azpimarratu zituen instalakuntzetan egindako hobekuntzak: Txirritan, Irrintzin, Pikoagako pelota plazan, eta Ereñotzuko plazan eta kanalean.
Gainera, egindako inbertsioak ere gogorarazi zituen: besteak beste, Ereñotzuko lokal bat erostea; desfibrilagailuak jartzea Ugaldetxon, Ereñotzun eta Epelen; edota internet sarea hedatzeko errepikagailua jartzea, Ugaldetxon.
Urtea bukatzeko, bolatokia eta markesinak
Urtea ez da oraindik bukatu, ordea, eta oraindik ere zeregina badagoela azaldu zuen Auzo Udalak. Besteak beste, hil honetan hasiko dira bolatokia berritzen. Horrez gain, Fagollaga eta Epeleko autobus geltokietan markesinak laster jartzea espero du.
Gipuzkoako Foru Aldundia Latxeko presa bota ala ez aztertzen ari da. Jakinaren gainean izango ditu Auzo Udalak, bizilagunak.
Azpiegitura lan berriak, eta bestelako proiektuak, 2017an
Datorren urteari begira, aurrekontu aurreikuspenaren berri ere eman zuen Auzo Udalak; 420.000 euro pasatxokoa izango da.
Horrekin, batetik, mantendu egingo ditu gizarte zerbitzuak; kultura, jai eta kirol eskaintzak; eta Kultura Ondarearen berreskuratze proiektuak.
Baina proiektu berriak ere aurreikusi ditu. Batetik, garraio zerbitzua hobetzeko asmoa azaldu du; «batik bat, Txirrita eskolako umeek Hernanin egiten diren eskolaz kanpoko ekitaldietara joateko erraztasuna izan dezaten».
Era berean, hainbat azpiegituratan hobekuntzak egitea aurreikusi du: Epele eta fabriken arteko errepidean espaloia jartzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta; argiteri puntu berriak jartzea; Epeleko aterpe inguruan etxola eta komuna jartzea; Txirrita Eskolan hobekuntzak egitea...
Fagollagako zentrala eta Latxeko presa, kezka iturri
Azkenik, hiru proiektu berri aipatu zituen Auzo Udalak. Batetik, Fagollagako zentrala erosteko aukera aztertzen ari dela, Goiener eta Hernaniko Udalarekin batean. Baina onartu zuen, «honek 2017ko aurrekontuan eragin haundia» izango lukeela.
Bestalde, kezka sortu zen Foru Aldundiaren proiektu berri baten aurrean: «arrain ugalketa erraztu eta ekosistemak berreskuratzeko», Latxeko presa botatzea. Azterketa geoteknikoak egiten ari da, horretarako. Bizilagunak kezkatuta agertu ziren, horrek ibaian izan dezakeen eragina medio. Auzo Udalak argitu zuen harremanetan dagoela Aldundiarekin, «auzotarrak informatuta edukitzeko».
Bukatzeko, jakinarazi zuen Añarbe proiektu bat lantzen ari dela, Epele auzuneko zenbait puntutatik ur zikinak biltzeko, eta 2017an bukatuko duela.