Euskal Herriko txapeldun, Iker Salaberria goizuetarra

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 10a, 01:00

Iker Salaberriak bolada ezinhobea daramaki. Lehengo astean, Euskal Herriko Eliteko Lau t’erdiko txapela lortu zuen ostiralean, eta larunbatean, berriz, Nafarroako Jubenilen Lau t’erdikoa irabazi zuen, Guillermo Mazo Memoriala.
Aste honen hasieran, berriz, Amezketako desafioan ere nagusi izan da.

Bakaikoak testigua, Salaberriari
Goizuetarrak ikaragarrizko finala jokatu zuen Laudion, eta aurreko txapeldunaren, Joanes Bakaikoaren testigua hartu zuen, Euskal Herriko Eliteko Lau t’erdiko txapela lortuta.
Partidua hasi eta berehala Arabiourrutia aurreratu zitzaion markagailuan, 0 eta 2. Salaberriak ere erantzun egin zion, 3-2, 3-3 eta 6-3. Baina hortik aurrera, bazirudien bizkaitarra izanen zela txapeldun. Gantxo ikaragarria eta airezko jokaldi ederrei esker, 15 eta 18kora iritsi arte, Arabiourrutia ibili zen aurretik. Salaberriak, ordea, ez zuen etsi, eta argi utzi zuen jokoa ez dela argitzen, bukaerara arte. Horrela, egoerari buelta eman zion, botearekin min egin dezakeela erakutsiz: 19 eta 18 aurreratu zen. Arabiourrutia ere ez zegoen kikiltzeko prest, eta 19 eta 19 lortzeko borrokatu zuen. Hor bota zuen azkena, ordea. Salaberriak 22koa lortu arte borrokatu zuen, eta merezitako txapela jantzi zuen.

Lau t’erdikoan ederki moldatzen dela erakutsi du Salaberriak, astebetean irabazi baititu bi finaletako txapelak, eta desafio bat. Azken partiduan egin zuen kale.

Guillermo Mazo Memorialean ere, txapeldun
Euskal Herriko Eliteko Lau t’erdiko txapelketa ez zen izan Salaberriak asteburuan irabazitako txapela bakarra. Hurrengo egunean, larunbatarekin, Labriten jokatu zuen Nafarroako Jubenilen Lau t’erdiko finala, Gui­llermo Mazo Memoriala. Oberenako Unai Mata izan zuen aurrez aurre, eta 46 minutuko borrokaren ondoren, 18 eta 15 irabazi zuen.
Hirugarren eta laugarren postuengatik lehian ere bazen beste goizuetar bat: Aitor Aizkorbe. Laugarren postuan geratu zen azkenean, Ultzamako Gaskueren aurrean 18 eta 8 galduta.

Desafioa ere, etxerako
Horiek ez dira izan, ordea, goizuetarrak azken astean jokatu dituen partidu bakarrak. Astelehenean Amez­ketan jokatu zuen Lau t’erdiko de­safioa, Zubizarretaren kontra, eta hori ere irabazi egin zuen; 18 eta 16 aurretik bukatu zuen partidua.

Tolosakoan ezin, orain arteko balentria borobildu
Azkenik, Tolosan jokatu zuen ostegunean, Salaberriak, Gorrotxategirekin batean. Baina hau ez zi­tzaion orain artekoak bezain ongi atera. 
Azken egunetako nekeak eragina izan zuen agian. Edo auskalo. Baina partiduak eskuetatik ihes egin zien. Zubizarreta eta Telletxea izan zituzten aurrez aurre, eta partidu ederra jokatuta, 22 eta 3 irabazi zieten Salaberria eta Gorrotxategiri. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!