Herriko komertzioaren inguruan, Udal Gobernuak egindakoa baloratzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo Astigarragako EH Bilduk Emakumeon Plazan.
Bertan kritikatu zuten urte eta erdian Udal Gobernuaren ekimena «hutsaren hurrengoa» izan dela. EH Bilduko kideen iritziz, EAJren jarduna «lotsatzekoa» izan da: «2016ko aurrekontuetan, 50.000 euro zeuden komertzioaren aldeko ekimenak bideratzeko, baina Udalak horietatik, 2.037, 28 euro bakarrik gastatu ditu, (%4,07a soilik). Honek argi adierazten du Udalak komertzioen alde 2016an hartutako konpromezu-maila».
Horrez gain, adierazi dute ez dela «kezkatzeko datu bakarra»: «EH Bilduk hamaikagarren aldiz errepikatu ostean, 2015eko urriaren 20an Astiko, herriko komertzioen elkarteari aholkularitza teknikoa emateko enpresa aditu baten urtebeterako zerbitzua kontratatu zuen Udalak 16.925 euroren truke (BEZa gabe). Urtea aspaldi pasa arren, EAJren utzikeriarengatik oraindik ez da kontratua berritu». EH Bilduren ustez, komertzioaren alde lan egiteko zerbitzuarekin jarraitu behar da, izan ere, «zerbitzu honi esker, Astiko indarberritu ahal izan da».
Bukatzeko, Udal Gobernuari eskatu zioten, «komertzioen aldeko lanean berehala inplikatzea, betiere komertzioekin elkarlanean», baita beraien proposamena aurkeztu ere.
«Apostu sendoa behar dute»
Baina ez hori bakarrik; EH Bilduren ustez, «herriko komertzioek Udalaren apostu sendoa behar dute berandu baino lehen». Eta horretarako, beraien proposamena ere azaldu zuten prentsaurrean.
Udal taldearen iritziz, badago ekintza bat «estrategikoa» dena: «2016ko aurrekontuetako emendakinetan Sagardo Plaza, Tomas Alba, Emakumeon Plaza (Juanitoeneako atzealde eta inguruak) eta Pelotari Plaza hiritartzea eskatu genuen». Izan ere, EH Bilduk azaldu duenez, «eremu honetan guztian, herrikomertzio gehienak kontzentratzen diren arren, herriko gune zaharkituena da eta epe motzean arazo larriak izango ditu Urumea Berriko eremu berri eta txukunarekin lehiatzeko». Beraz, diote: «komertzioa biziberritzeko, eremu honen hiritartzea bideratzea ezinbestekoa da».
2016an proiektua egiteko, «30.000 euro onartu ziren, gutxienez», baina diotenez, «6.776 euro baino ez ditu gastatu». 2017rako Sagardo Plaza hiritartzeko asmoa dagoela jakinarazi dute: «gure ustez, Sagardo Plazaren hiritartzea gainontzeko eremuetan egingo denaren arabera egin beharko litzateke, hau da, Sagardo Plaza, Emakumeon Plaza eta Pelotari Plaza kontuan hartzen dituen proiektu orokorra uztartuz».
Eremua, erakargarria
Gainera, nabarmendu dute ez direla ari «hiritartze sinple bati buruz»; helburua da «herritarrentzako (komertzioen bezero potentzialak) eremu horiek erakargarriak egitea». Horretarako, «ahalik eta eskaintza zabal eta aberatsena eskaini beharko litzateke».
EH Bilduren ustez, honek aukera eman dezake, «aisialdi guneak berrantolatzeko». Proposatzen dute, adibidez: «Emakumeon Plaza, plaza estali batean bilakatzea litzateke aproposena eta bertan, umeentzako haur parke erakargarri eta berritzailea ezartzea. Pelotari Plazan, aldiz, haur helduxeagoentzako eskaintza bideratu ahal izango litzateke, eta Sagardo Plaza, txikienentzako eremua izango litzateke».
Ideien lehiaketa, aukera bat
Iradokizunak jasotzeko, ideien lehiaketa bat antolatzea proposatu dute, 2017ko aurrekontuko 35.000 eurorekin. Proposamenek ondorengo irizpideak jarraituko lituzkete: gune estali bat aurreikusi eta haur parke erakargarri eta berritzailea; publiko desberdinentzako eremu aproposa izan beharko litzateke; Mapa Morearen irizpideak, hau da, hirigintza integratzailearen irizpideetan oinarritutako planteamendua izan beharko luke; eta hiritartzea faseka egiteko aukera bermatzea.
Proiektua aukeratzeko prozesuan herritarrek eta komertzioek erabakimena izatea proposatzen dute, baita ere.