Astigarragako Udalaren azaroko Plenoak hasierako onarpena eman zion Haurreskola berriaren proiektua idazteko egin beharreko kreditu aldaketari, eta hain justu, horren aurrean aurkeztu du Astigarragako PSE-EEk alegazioa aste honetan.
Prentsa-ohar baten bitartez jakinarazi du erabakia Mikel Durán sozialisten udal bozeramaileak. Bertan azaltzen du 45.000 euroko balioarekin egin diotela alegazioa kreditu aldaketari, eta diruzaintzako gerakinean izango lukeela kargua.
Aurrera egitea, helburu
Durán bozeramaileak dioenez, alegazioaren helburua da Haurreskolaren proiektuaren erredakzioan gehitzea, eta «aurrera egitea gure herriak Haurreskola publiko eta kalitatezkoa izatea, txikienen aurreneko hezkuntza fasean zerbitzu hoberenak eskaintzen dituena».
Gainera, PSE-EEk adierazi du proiektu hau «estratejikoa» dela sozialistentzat, izan ere, «bizilagunek egindako eskaera bati dagokion gai soziala da». Azkeneko Plenoan EH Bilduren mozioa onartzerakoan azaldu zuen bezala.
Udal talde sozialistaren ustez, alegazio hau aurrera pauso bat da, batez ere, «Astigarragako beharretara egokitzen diren hezkuntzako azpiegitura modernoak» lortzeko bidean.