Urte bukaerara iristen ari gara, eta horrekin batera, Udalak 2017ra begira jarri dira. Horrela bada, azaroaren 19an Plenoak aho batez onartu ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dagoeneko argitaratu du 2017ko Zerga Ordenantzen Testu Bategina. Bertan biltzen dira, hain zuzen, herritarrek 2017an ordaindu beharreko udal tasa eta zergak.
Aldaketarik ez, osotasunean
Udal Gobernuak azaldu duenez, 2016ko udal tasa eta zergak mantendu dituzte 2017rako ere: «Udal Gobernuak ahalegin haundia egin du 2017 urteari begira, zergak eta prezio publikoak ez igotzeko».
Balio katastrala eguneratuta, Foru Aldundiak
Udalari ordaindu behar zaion zergen artean dago Ondasun Higiezinen gaineko Zerga erresidentziala, IBIa edo kontribuzioa bezala ezagutzen dena. Ordaindu behar dena bi balioen ondorioz jakiten da: aurrenekoa, etxebizitzaren balio katastrala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezartzen duena; bestea, tipoa, Udalak berak erabakitzen duena.
Kontuan hartu behar da, Foru Aldundiak aurten eguneratu duela etxebizitzen balio katastrala, 2001etik gaurkotu gabe zegoena. Ondorioz, Udalak azaldu duenez, «Udal Gobernua saiatu da igoera honen eragina ahal den neurrian apaltzen». Horrela bada, herritarrek ordainduko duten IBIak bere horretan jarraituko du baita ere, eta gainera, iragarri dutenez, «beharrean dauden familiak tasa berriari aurre egin diezaioten, diru partida berri bat bideratuko da».
Etxe hutsen kasuan, aldiz, Ondasun Higiezinen gaineko Zergak %35eko gainordaina izango du.
«Udal Gobernua saiatu da igoera honen (IBIa) eragina ahal den neurrian apaltzen»
Ibilgailu, hondakin eta ur-hornidurako kuotak, mantenduta
Era berean, Udalak ez ditu ikutu astigartarrek ordaindu beharreko ohiko beste zerga eta tasei, hala nola ibilgailuen gaineko zergari, eta hondakin bilketaren eta ur-hornidura eta saneamenduko tasei.
Hortaz, ibilgailu bakoitzeko 39,26 euro eta 328,88 euro arteko zerga ordaindu beharko da, zaldi fiskalen arabera (9 zaldi fiskal dituztenetik, 20 aldi dituzten ibilgailuetara).
Ur tarifari dagokionez, etxeko kontsumorako denean, hiru hilabetero 6 euroko kuota finko bat ordaindu beharko dute astigartarrek, eta horri gehitu beharko zaie kontsumitze-kuota, metro kubikoko 0,48 euro eta 0,60 euro artean dagoena. Saneamendua ere, honekin batera ordaintzen da: ur fakturazioaren gaineko %60ari dagokio, kontagailuaren eta kanonaren mantenua izan ezik.
Azkenik, zabor bilketa eta ezabaketa zerbitzuarengatik 51,25 euro ordainduko ditu etxebizitza bakoitzak. Bi alditan kobratuko da, seihilabetean behin.
Ibilgailu, hondakin eta ur-hornidura kuotak bere horretan utzi ditu Udalak 2017rako.
Beste prezio publiko batzuk
Horrez gain, 2017ko Zerga Ordenantzaren arabera mantendu egingo dira kiroldegiko eta kultur etxeko prezioak.
Bestalde, Udalak jakinarazi duenez, «pasabideen ordenantzak arautzen duen garajeen kasuan, bezero bakoitzak 2 euro ordaindu behar izango ditu datorren urtean, ibilgailu zenbakia kontuan ez izateagatik sortzen diren desorekak konpontzeko».
Egutegia ere, zehaztuta
Datorren urterako kuotekin batera, zerga egutegia ere azaltzen da Ordenantzan. Horren arabera, hauek izango dira borondatezko epeak: OHZ edo IBIa, maiatzaren 15etik uztailaren 1era arte; JEZ (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga), urriaren 2tik azaroaren 10era arte; ibilgailuak, otsailaren 15etik apirilaren 7ra arte; hondakinak, urtarrilaren 9tik otsailaren 10era arte, eta uztailaren 3tik abuztuaren 4ra arte.