Ibai Mendi dendan ere, izena emateko aukera

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 10a, 01:00

Azken hiru urteetako ohiturari eutsiz, aurten ere, laugarrenez, San Silbestre herri lasterketa antolatu du CD Hernaniko Atle­tis­mo sailak, Hernani Wu­kro­rekin taldearen eta Udalaren laguntzarekin.
Helburua izango da, beti bezala, Wukron, Etiopian, egingo diren kooperazio proiektuetarako dirua biltzea.

Izena emateko, bi aukera
Lasterketa abenduaren 31n egingo da, arratsaldeko 18:00e­tan Plazatik abiatuta. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, baina antolatzaileek eskertzen dute aurrez ematea. Hori horrela, bi bide jarri dituzte, parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten. Batetik, www.kirolprobak.com webgunera sartzea. Bestetik, Ibai Mendi Kirolak dendan izena ematea. Edozein kasutan, 8 euro ordaindu beharko dira, eta kamiseta jasoko da opari.

Lau kilometroko ibilbidea
Ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, ibilbide nahiko erraz eta laburreko lasterketa herrikoia izaten da urtero, Wukroren aldeko San Silbestrea.
Plazan hasi eta bukatuko da, lau kilometroko ibilbidea. Lizeaga auzoan buelta egin ondoren, Atzietan barrena Flo­ridako elizaraino jaitsi beharko da, eta han, Lanbide Hezi­ke­ta­ko zentro ondotik kiroldegi ertzera igo. Bertatik, Marieluts aldera jo beharko da, eta Urbietan kalean barrena bueltatu Kaxkora, Kale Nagusian gora, Plazara bueltatzeko. 

Txikienentzako ere, tokia
Lasterketan parte hartzeko, 16 urte eduki behar dira, gutxienez. Baina gaztetxoagoek ere izango dute aukera, parte har­tzeko.
Lasterketaren aurretik 8 urte artekoak atera ahal izango dira, 17:45e­tan,  eta 17:50etan, 9-13 ur­te bitartekoak. Denak, debalde eta izena eman beharrik gabe. 14 urtetik 16ra bitartekoek, berriz, 18:00etan hartu ahal izango dute parte, helduekin batera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!