Mozioa onartu zuen Plenoak astelehenean, espetxeratuak askatzea eskatuz. Hernaniko PSE-EE ez zen Plenoan egon, eta mozioaren aurrean, bere postura azaldu nahi izan du, prentsa ohar baten bidez: «epaileen erabakiek merezi duten errespetuak, ez du galarazten horiekin ados ez egotea. Izan ere, erasotzaileekin gehiegizko jokabide penala izateak, ekarri dezake beraiek biktima bezala azaltzea azkenean; eta ez dira biktimak, inondik inora», nabarmendu du alderdi sozialistak.
«Ezin da esan terrorismoa izan denik»
Hernaniko PSE-EEk espero du, zentzuz jokatuko dela, eta ez dela «terrorismoaren gehiegizko akusazioarekin lokaztuko, jipoiaren larritasuna eta bere arrazoiak». Izan ere, Ricardo Crespo bozeramaileak adierazi du, ezin dela esan «terrorismoa izan denik, ez dagoelako ETA bezalako talde terrorista baten dinamikaren barruan; eta gainera, erasoa ez zen premeditatua izan».
Gertatutakoaren aurrean, «irmotasuna» eskatu dute sozialistek, «erasoa onartezina eta justifikaezina» delako, eta «merezi duten zigorra» jaso dezatela. Eta modu berean, gaitzetsi du, erasoaren atzean dagoen «pentsaera totalitario eta intolerantea».
Crespok azaldu du, itxaron behar dela instrukzio fasea itxi eta epaiketa egin arte: «ez litzake aurreneko aldia izango, bigarren instantzian, epaitegiek aurreneko kalifikazioa zuzentzen dutena».
Baina edozein kasutan, sozialistek ez dute uste gertatutakoa barkatu behar denik «tabernako borroka soil bat izan balitz bezala. Zer esango genuke, erasotuak homosexualak edo etorkinak izan balira? Astelehenekoa bezalako mozioekin, lortzen dugun bakarra da anplifikatzea, epaitegietan ahal den azkarren ebatzi behar den egoera bat».
Hernaniko PSE-EEk uste du, indarkeria desagertu dela, baina pentsaera totalitarioa badagoela oraindik, «hamarkadatako gorroto, sektarismo eta intolerantziaren ondorio». Eta dio, «elkarbizitza guztion lana» dela, baina «modu argiagoan jardun» beharko luketela «terrorismoa babestu eta justifikatu zuten haiek».