«Herri borroka piztu eta presoen kolektiboari babesa erakusteko», Kalera Kalera ekimena jarri dute martxan, euskal preso ohiek. Larunbat honetan aurkeztuko dituzte ekimena bera, eta abenduan eta urtarrilean zehar antolatuko dituzten ekintzak. Usurbilen egingo dute aurkezpena, arratsaldeko 17:30etan.
Besteak beste, itxialdia egingo dute Usurbilen, Euskal Herri osoko preso ohiek, larunbatean bertan hasi eta urtarrilaren 8ra arte; bertan ere izango dira ekimenak. Eta martxak ere antolatuko dituzte espetxeetara, abenduaren 24an eta 31n. Eta urtarrilaren 6an, giza katea egingo dute Donostian.
Hiru ekintza nagusi, Hernani mailan
Eta Hernanin ere, izango dira hainbat ekintza, bi hilabete hauetan zehar, Hernaniko ehun preso ohiek antolatuta. Hiru ekintza nagusi izango dira, herrian.
Hasteko, hitzaldia antolatu dute abenduaren 14an, Biteri kultur etxean. Aiert Larrartek eskainiko du, Hernaniko presoen egoera juridikoari buruz.
Hilaren 30ean, berriz, elkarretaratzea egingo dute Zinkoenean, gero handik lau zutabetan abiatzeko, herriko kaleetan barrena ibilbidea eginez; eta Plazan elkartuz, Hernaniko presoen senideei omenaldia eskaintzeko.
Eta urtarrilaren 1ean, Adarra mendian jarri dute zita, goizeko 10:30ak aldera, ekitaldi politiko txiki bat egiteko.