Urte eta erdi daramaki Joxe Mari Ormazabal Tturko bertsolari hernaniarrak, Hernaniko zaharren egoitzan. «Oso gustora» dago bertan, eta egoitza bera nolakoa den kontatuz, eta eskerrak emanez, zortzi bertso jarri dizkio Santa Maria Magdalena egoitzari.
«Garai batean asko aritu nintzen bertsotan, orain batere ez. Baina lagunek eskatu zidaten bertso batzuk jartzeko, eta horietxek bururatu zitzaizkidan!», azaldu du Tturkok.
78 urte dauzkanik ez da nabaritzen, idatzi duen bertso sorta ederrean!
HERNANIKO SANTA MARIA MAGDALENA ZAHARREN EGOITZA
1. Santa Maria Magdalena da
Hernanin zaharren egoitza
horren gainean egin nahi nuke
nere lehenbiziko hitza,
zoragarria iruditzen zait
daramakigun bizitza,
ni bezalaxe nere lagunak
pozez txoratzen dabiltza
nahiago nuke urte batzuek leheno etorri banintza.
2. Zaharren etxean sinistu denok
harrituta naukatela,
esan nahi nuke etxe haundi hau oso atsegina dela,
ni behintzat hartu naute aspaldi
markesa banitz bezela,
egoitza hori zuzentzen hemen
ez dago jende motela,
hori dela-ta iruditzen zait
bost izarreko hotela.
3. Buruko ileak joan zaizkit eta
talentu gutxi muinetan,
bixta laburtu, hortzak erori
indarrik ez aginetan,
odola berriz behar bezela
ez zait ibiltzen zainetan,
hanka hankari eman ezinik
mina hartzen det oinetan,
esan nahi nuke gorputz guztia
dadukatela minetan.
4. Garai batean sasoiko nintzen
beti bizkor eta habil,
aspaldi hontan asko jetxi naiz
mugitu ezinik nabil,
orain ez dira ertetzen gauzak
lehenago bezain borobil,
nere moduko hainbat agure
aspaldi negarrez dabil,
inork ez degu zahartu nahi eta
gazterik ez degu nahi hil.
5. Gerriak zinez gogortu eta
ezin mugitu besua,
eta belaunen reumakin nabil
ezin emanik pausua,
gorputza zahartu egin zait eta
baita biziaren sua,
orain neretzat berdinak dira
zelaia eta basua,
egia esan ez da batere
bukaera erosua.
6 Garai batean sardotegira
sarri asko ginan joango,
ta orain berriz inolaz ere
hara joaterik ez dago,
etxe zuloan gelditu behar
nahiz joateko izan gogo,
joango nintzake pozikan asko
sasoi pixka bat balego,
ezin det eta buru makurka
zaharren etxe hontan nago.
7. Garai batean sasoiko ginan
ordun ez genuen minik,
baina gaur ezin degu kontatu
gazte denboran eginik,
orain ez degu hortzikan ere
ta gutxiago aginik,
gerri ta hankak gogortu dira
hor ez da leku biguinik,
gazteei begira inbiriz gaude
beti sufritu ezinik.
8. Mundu hontako bizi denbora
ez da motza ez da luze,
eta dauzkagun egun hoietan
egin dezagun zeoze,
zerbait gerala uste degu ta
benetan ez gera eze,
lehenago esan izan det eta
esangoizuet berrize,
saia gaitezen txukun bizitzen
orain arte bezelaxe.