Aste honetako zubi luzea aprobetxatuz, usadio zaharrak berreskuratzeko ekintzak antolatu ditu Sagardoetxeak igandera arte. Gainera, Ficobako Gabonetako Azokan ere badira bihar arte, familiei Sagarraren tailerra eskaintzen.
Ekintzetako bat astelehenean egin zuten; Debekatutako fruitua argitan izenburupean, Gabonetako pinua dekoratu zuten astigartar haur zein helduek, sagar eta kandelak jarriaz. Ondoren, sagardo berridun barrikotea eta gaztainak dastatu zituzten denek, eguna bukatzeko.
Barrikotea, igandera arte
Herenegun egin bezala, barrikotearen tradizioa ere berreskuratu nahi izan dute Sagardoetxean. Izan ere, azaldu dutenez, «aitzina, sagardogintzako lanak bukatu ostean, muztioarekin barrika bat betetzen zuten. Bi aste beranduago, bizilagunek festa bat ospatzen zuten barrikotea gaztaina eta sardin zaharrekin lagunduta dastatzeko».
Usadio hura irudikatzeko, hainbat aukera daude: larunbatera arte, 11:00-13:30 eta 16:00-19:30 bitarte; eta igandean, 11:00etatik 13:30etara.