Familiako, lagunen arteko, enpresako... otorduez gain, opariak egin eta jasotzeko garaia ere bada Gabonetakoa. Familiako lagun ezkutuan parte hartu duzu eta betiko izeba edo osabari oparitzea egokitu zaizu? Ez dakizu zer erosi eta ideia berrien bila zabiltza? Ondoren aurkeztuko dizkizuegu horretarako proposamen batzuk, Hernaniko hiru dendarien eskutik: Oihalak dendako Kontxi Arruarte, Urrats Oinetakoak taldeko Pello eta Itxaso, eta Nibiru Edergintza Zentroko Nerea Elizalde.
Baserritar jantziak eta etxeko arropa, Oihalak dendan
Kontxi Arruarteren Oihalak dendan sartu bezain laster nabaria da Gabonetan gaudela: «garai honetan baserritar jantziak dira gehien saltzen direnak, dudarik gabe». Gabonetako abestiak nonahi entzun daitezke garai honetan zehar, haur eta helduen ahotsetan, horretarako izaten diren kontzertu, kalejira edo dena delakoan. Eta horrelakoetan ezinbestekoa izaten da baserritar jantzia soinean jartzea. Horregatik hori da Arruartek orain gehien saltzen duena.
Dena den, dio, «opari bezala ere saltzen dela, izan ere, batzuek ez dute hainbeste diru gastatu nahi izaten». Gainera, «orain aukera pila bat dago», eta beraz, opari polita izan daiteke. Baina, dudarik gabe, «sofako mantak dira gehien saltzen direnak, baita batak eta albornozak ere». Manten kasuan, Oihalak dendako arduradunak, opari erraza dela uste du «tamainak denentzako balio duelako».
Mota eta prezio guztietako oinetakoak, Pello eta Itxasoren gomendioei jarraituz
Ohikoa da, baita ere, oinetakoak oparitzea; eta bereziki, Urrats Oinetakoak dendako Pello eta Itxasok azaldu bezala, «etxeko zapatilak, deportibak eta modako oinetakoak dira salduenak». Haurren kasuan ere, «sport estilokoak» oparitzen dira gehien, beraien ustez.
Dena den, «pixka bat denetarik» oparitzen dela azaltzen dute, eta horretarako, beraiek «mota eta estilo guztietako oinetakoak» dituztela, bakoitzak berea aukeratu dezan.
Prezioari dagokionez, Urratseko arduradunek onartu dute denetarik daukaten arren, «gama erdi-altuko oinetakoa» dela gehiengoa, baina «kalitatea-prezioa harremana ona» dela.
Horrez gain, bai Pello, baita Itxasok ere nabarmendu nahi dute, seguruenik, «gertutasuna» dela beraien bezeroei eskaintzen dietena: «askok esaten digute: ezagutzen duzu nire gizona, ezta? Zer erosten du normalean? Zer oparitu diezaioket? Orduan, guk gomendioak ematen dizkiegu». Eta normalean, beraiek eskainitako hori erosten dute, «guregan jartzen dute konfidantza osoa». Beste batzuk, aldiz, «ideiaren bat ekartzen dute, edota eskaparatean ikusitakoa nahi dute».
Edergintza oparitzeko eskaintza, Nibiru Unisex Edergintza Zentroak
Gero eta gehiago zaintzen dute emakumeek zein gizonek beren estetika eta osasuna, eta horren inguruko opariak egitea ere aukera ona izan daiteke. Hain justu, Hernaniko Nibiru Unisex Edergintza Zentroak eskaintza zabala du alor horretan, bertako Nerea Elizegik azaldu duen bezala: «estetika lortu bai, eta era berean ongintza lantzen dituzten tratamenduak ditugu, baita produktuak ere». Denetarik daukate aukeran: masajeak, tratamendu korporalak, Indiba, erlajazioa...
Edergintza oparitzea lehen baino ohikogoa dela onartu du Elizegik; bere ustez horren arrazoia argia da: «nik uste dut norberarentzat hartzen den denbora bat dela, zaintzeko, mimatzeko. Batez ere gaur egun, alde batetik bestera, gelditu gabe bizi baikara eta denbora gutxi dedikatzen baitiogu gure buruari».
Gainera, edergintza zentroko arduradunaren iritziaren arabera, «gaur egun denetatik daukagu, beraz, horrelako opariekin beti asmatzen da. Jendea gustora etortzen da, orokorrean errepikatzen du; hortaz, emaitza gustatzen zaiolako izango da».