Gabonen hasierarekin batera, bi asteko oporrak izango dituzte Urumea bailarako haur eta gazteek. Ospakizun, bazkari eta afari, etab.en artean, aspertzeko astia ere izango dute, eta haurrak entretenitzeko lan hori errazteko, hainbat aukera luzatu dituzte hainbat talde eta elkartek. Horien artean daude Kutxa Ekogunea, Orona Ideoko Kode-Eskola, Sagardoetxea, Laga Euskara Zerbitzuak Arano eta Goizuetan, edota Astigarragako Udala.
Jolas Aretoa eta Haur Parkea, Astigarragan
Astigartar gazteenek ez dute aspertzeko aukerarik izango, herrian zehar. Xaguxar aisialdi taldearen ohiko ekintzez gain, Jolas Txiki, 2-5 urte bitartekoentzat, eta Ludoteka 4-12 urtekoentzat; eta Gaztelekuko programazio berezia ere alde batera utzita, beste bi aukera izango dira Gabonak jolasean pasatzeko. Jolas Aretoa irekiko dute, beste behin, Kultur etxean; kiroldegian, aldiz, haur parkea izango da.
Mahai jolasak, kartak, futbolina, air hockeya, crazy taxi eta radikal makinak... denetarik izango da jolas aretoan. 9 eta 12 urte bitarteko gazteentzat egongo da irekita, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2 eta 3an, goizez eta arratsaldez, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30etara.
Horrez gain, urtero bezala, haur parkea jarriko dute kiroldegiko pista nagusian urtarrilaren 4an, goiz eta arratsaldez.
Bestalde, Astigarragan dagoen Sagardoetxeak ere ateak irekita izango ditu Gabonetan zehar, eta aurreko astean hasi zuten lanari emango diote jarraipena: pinua apaindu eta bertan herritarren desioak zintzilikatzeari, hain zuzen.
Tailerrak, Euskara Zerbitzuak antolatuta
Aranoko eta Goizuetako haurrek ere izango dute zer gozatua. Beraientzat espresuki, hilaren 27, 28 eta 29an Euskara Zerbitzuak antolatutako Eguberrietako tailerretan. 12 urte bitarteko haur eta gazteek parte-hartu ahal izango dute bertan, goizeko 10:00etan 13:00etara; aurreneko bi saioak Goizuetako eskolan izanen dira, azkenekoa, aldiz, Aranoko elkartean. Aurretik izena eman behar izanen dute txikiek.
Goizueta, Arano, Areso eta Leitzarako lan egiten duen Euskara Zerbitzuak azaldu duenez, tailer hauen helburua beste leku askotan udara partean egiten denaren berbera da: «haurrentzako aisialdia euskaraz antolatzea eta eskaintzea». Horretarako, «herriko begiraleak kontratatzen dira Dindaia Fundazioaren bitartez. Oso aproposa izaten da begiraleak herritarrak izatea, bertako lekuak, ohiturak ... ezagutzen dituztelako eta hori programazioa osatzerakoan lagungarria da». Aurreko urtetako datuak ere eman dituzte: «20 haur eta gaztetxo inguru biltzen dira guztira, 3 egunetan, eta oso gustura egoten dira. Emaitza ona ematen du urtero eta helburuak betetzen direnez, aurrera jarraitzeko animoa ematen du horrek».
Kutxa Ekoguneak, eskaintza zabala familia osoarentzat
Gabonetan zehar ere, aukera paregabea eskaintzen du Zabalegi baserrian Kutxak daukan Ekogunean. Urtean zehar irekita dagoen Haur Parkean jolasteaz gain, garai honetarako sortutako beste hainbat proposamen ere luzatu ditu Ekoguneak.
Gaur hasiko da horietako bat: Jostailuen truke gunea. Urtarrilaren 5era bitartean, 10:30etatik 19:00etara irekiko dute txoko hau, eta bertan arduradunek azaldu dutenez, «jostailuak era librean utzi eta jaso daitezke, inongo tarteko ordainketarik gabe». Izan ere, diote, «etxean dagoeneko erabiltzen ez diren jostailu horiek oso opari ederra izan daitezke erabiltzeko adinean dagoen beste haur batentzat». Dena den, argitu nahi dute: «ez da karitatea, objektuei bizi berri bat emateko aukera baizik, gure familiari asko eman ondoren, beste haur batzuei oraindik ere beste horrenbeste eskaini diezaioketen altxor txikiak».
Datorren asteazkenetik urtarrilaren 8ra arte, argi festa egingo dute baita ere, hau da, artea egingo dute natura jantziz, eta argiak piztuko dituzte arratsalde-gauez.
Behin eskolako oporraldia hasita, negulekuak hasiko dira, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat prestatutako ekintzak. Bertan naturaz gozatu eta ikasteko aukera izango dute gaztetxoek Ekogunean, 08:30etatik 13:30etara. Bi txandatan egingo dira, abenduaren 26tik 30era, eta urtarrilaren 2tik 5era, astelehenetik ostiralera.
Horrez gain, beste hainbat ekimen ere prestatu dituzte Gabonetako egunetan gozatzeko. Esaterako, ikuskizun bana egingo da abenduaren 28 eta 29an. Animaliak neguan zer? ipuin musikatua izango da aurreneakoan; bigarrenerako, aldiz, Txipli Txapla Pun: Gaztaina erre artean tailerra antolatu dute, gaiztain erreak egiten ikasi, dastatu eta gaztainekin artelanak egingo dituzte.
Urtarrilaren 3rako ere badago plana, Neguko triki kantu jira egingo dute, Ekogunea musikaz zipriztintzeko. Trikitilari bikoteen laguntzaz, neguko eta bereziki, Gabonetako kantak abestuko dituzte elkarrekin. Gainera, erritmoa lantzeko eta instrumentu desberdinak jotzeko aukera ere izango dute haurrek.
Ekintza batzuetarako sarrera erreserbatu edota izena eman beharko da. Informazio gehiagorako: www.ekogunea.eus.
Negulab, teknologiara hurbiltzeko modua
2013an sortu zen Kode Eskola hezkuntza proiektu bezala, «adin gero eta gazteagotatik programatzen ikasten hasteak dakartzan onurak bereziki lantzeko eta bultzatzeko» asmoarekin.
Lan hori aurrera eramateko, NeguLab Ideo 2016 Campus Teknologikoa antolatu dute, beste behin, Orona Fundazioarekin elkarlanean. Urtarrilaren 2tik 5era egingo dute aurten.
Txikitatik programatzen ikasteko, eta teknologia gaietan trebatzen hasteko, hainbat tailer izango dira aukeran, 5-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Horietan, Kode Eskolako arduradunek azaldu dutenez, «taldean eta proiektuen inguruan egingo dute lan ikasleek eta, metodologia sortzaile baten bidez, modu eraginkorrean esku hartuko dute gaztetxoek ikaskuntzan (pentsatu, frogatu, huts egin eta ikasi!)».
Bederatzi tailer daude aukeran, gaiaren eta adin-tartearen araberakoa: 5-7 urte bitartekoentzat, irudiekin programatzen; 8-10 urtekoentzat, scratch programatzen; 10-12 urtekoentzat, bideo-jokoak programatzen eta robotak mugitzen; 12-14 urtekoentzat, robotika Arduinorekin; eta 12-16 bitarteko gazteentzako, zeure bideoak editatzen, bideo-jokoak programatzen, bideo-jokoak sortzen, aplikazioak sortzen, eta animazioak sortzen.
Horietako batzuetan oraindik badago izena emateko aukera. Informazio gehiagorako, eta izena emateko, jarri Kode Eskolarekin harremanetan: www.kode-eskola.eus, info@kode-eskola.eus edo 943 000 333.