Durangoko Azokara gerturatu nahi duenak, gaur dauka azkeneko eguna, jaieguna dela aprobetxatuz. Izan ere, ateak itxiko ditu 51garren Durangoko Azokak, bost egunez milaka lagunen bixita jaso ondoren.
Eta milaka horietako zientoka lagunek, dagoeneko badute Urumea bailarako azken lanen berri ere!
Doberak, postua bertan
Bertan aurkeztu dituzte bere lanak, labetik atera berri, urumearrek. Dobera Euskara Elkarteak, Mozoloaren bidea ipuina eraman du Durangora; Ipuin Faktoriaren hirugarrena, hain justu. Gainera, postua ere jarri du azokan bertan (16garren zenbakia dauka postuak).
Xabier Solano Maizak, bere aldetik, bi lan aurkeztu ditu Durangon: Trikitixa Liburua II, aterako dituen hiru liburuetan bigarrena; eta horrekin batera, Ereñotzu diskoa ere bai.
Eta Nagore Legarreta, Hysteron lata bereziarekin joan da bertara: argazkiak, liburuxka eta diskoa jaso ditu latan.