Ikasturte osoan zehar ematen die aukera Kutxa Ekoguneak haurrei, astebururo, naturarekin interakzioan eta jolasean gozatzeko, Haur Parkearekin. Baina horretaz gain, ekintza bereziak ere prestatu ditu datozen asteotan, Gabonen bueltan.
Negulekuak izango dira horietako bat, abenduaren 26tik 30era, eta urtarrilaren 2tik 5era. 4-12 urteko haurrei zuzenduta daude, eta bertan, «naturaz gozatu eta ikasi ahal izango dute, Ekoguneko bazter sekretuak ezagutuz: baratzeko lurretan eskuak sartu, ibaian arrantza egin, oiloei jaten eman...», azaldu dute. Goizeko 08:30etatik 13:30etara izango dira, astelehenetik ostiralera.
Jostailuak utzi edota hartu, jolasak berrerabiltzeko
Jostailu truke gunea izango da beste ekintza berezi bat. Abenduaren 17tik urtarrilaren 5era, 10:30etatik 19:00etara, aukera izango da jostailuak utzi edota hartzeko, inongo ordainketarik egin gabe, modu librean. Helburua da, jolasak berrerabiltzea, «dagoeneko etxean erabiltzen ez diren jostailu horiek, oso opari ederra izan daitezkelako beste haur batentzat».
Gabonetako asteotan, argi festa egingo dute iluntzero: artea egingo dute, natura jantziz.
Argi festa eta ikuskizunak
Eta beste hainbat ekintza ere izango dira. Abenduaren 21etik urtarrilaren 8ra, argi festa egingo dute iluntzero, «artearekin natura jantziz».
Abenduaren 28an, berriz, Animaliak neguan zer? ipuin antzeztua eskainiko dute, eta abenduaren 29an, Txipli Txapla Pun: gaztaina erre artean tailerra, gaztain erreak egiten ikasi, dastatu, eta haiekin artelanak egiteko. Eta urtarrilaren 3an, azkenik, Neguko triki kantu jira ospatuko dute, Gabon kantak abestuz elkarrekin, trikitilariek lagunduta; instrumentu desberdinak jotzeko aukera ere izango dute haurrek.
Gomendatu dute, parkerako sarrerak aurrez erreserbatzea: www.ekogunea.eus.