EAJren emendakin partzialak, «adostasunak lortzeko asmoz»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 6a, 01:00

2017ko Udal Aurrekontuen pro­posamena aurkeztu die Her­na­niko Udal Gobernu Taldeak, oposizioko alderdiei; eta ho­ri­ek aztertuta, EAJk 11 emendakin partzial aurkeztu dizkie aurrekontuei. Hori bai, osoko zu­zen­ketarik ez du aurkeztu: «adostasunak lortzea da gure as­moa», azaldu dute jeltzaleek.
EAJk azaldu du, EH Bildu­rekin «desberdintasun haundiak» dauzkatela, hainbat kon­tutan: «Berriro aurkitu dugu 2017ko aurrekontuetan, esleipen aske­ko langileak daudela, urteko 140.000 euroko kostuaz. Bilduk berriro hartu ditu oposizioko kideak, bigarren mailako langile gisa, eta ez du beraien lana errekonozitzen, besteekin egiten duen bezala», kexatu da.

«Harrobiko garapenaren aipamenik ez da egiten»
Zuzeneko erosketen kasuan, be­rriz, ez dago ados sistema man­tendu izanarekin: «ez da ezarri EAJk proposatu zuena, Hernanin dauden sektore ho­rretako enpresen artean errotazio prozesu bat izatea», dio. Eta kritikatu du, ez dela aipamenik egiten harrobiko zonaren garapenari buruz, «badakitenean ez dela ezarritako epeetan egingo, eta Zubipe eta Landareko arazoei konponbidea emateko aukera dagoenean; eta baita herri kiroletarako espazio enblematiko bat ezarri ere, herriaren irudia eta ekonomia hobetu ditzaketenak», nabarmendu du.
Eta azkenik, gaitzetsi du hondakinen bilketarako ordain­tzen den kopurua, 1.758.000 euro guztira: «EAJn badakigu 1.232.000 euro gastatuta ere egin daitekeela hondakinen bilketa eta kudeaketa, antzeko emaitzak lortuta».

Lan mahaia osatzeko eskaera, hondakinen bilketarako
EAJren eskaeren artean dago, lan mahai bat osatzea hondakin bilketa sistema onena eta errentagarriena aztertzeko, eta kontsulta batekin bukatzeko; esleipen askeko langileak desagertzea; hirigintzako partida bat gordetzea Plaza eta Tilo­se­ta errehabilitatzeko; kooperaziorako kopuruaren %25a Angel Olarani eta munduan proiektuak zuzentzen dituzten herritarrei ematea zuzenean; udal­tzain kopurua haunditzea, gutxienez bat egoteko turnoko; erabilitako olioaren bilketa zerbitzuaren kostua aztertzea, «batzuek kosturik gabe ere egi­ten dutela badakigulako»; kale garbiketarako partida 40.000 euro haunditzea; kargu politikoen esleipen partida 66.000 euro haunditzea, ba­tzorde eta plenoetako dietei dagokienez; Fiareko minikredituen partida 30.000 euro haunditzea; Kax­koko etxeetan aislante akus­­tikoa duten lehioak jar­tzeko aurreneko partida bat jaso­tzea, 80.000 eurokoa; eta he­rriko argiztapenaren azterketa bat egitea, 6.000 eurokoa.
Gastuen aurrekontuko partidan aldaketa batzuk proposatu ditu, eta horiekin, 550.894 euro geratuko lirateke, erabiltzeko Plazan, Tilosetan... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!