Iritsi da hernaniarren txanda! Urteroko legez, herriko taldeek aurkeztu dituzte Hernaniko Kirol Sariak jasotzeko hautagaiak, eta orain, herritarrek dute azken hitza. Hiru sari banatuko dituzte aurten, eta bost dira hautagaiak. www.hernani.eus orrian eman behar da botoa; abenduaren 15a arte dago aukera.
Hiru sari, bost hautagai
Aurtengo hiru sarietarako herriko taldeek aurkeztutako hautagaiak hauexek dira:
Emakumezko Kirol Saria jasotzeko aukeratuak dira: Maialen traineruko arraunlariak, 2016ko Kontxako estropadan parte hartu izanagatik; eta Amaia Irazustabarrena eta Maider Huizi, palan, 22 urtez azpiko mailan, Munduko txapeldunorde izateagatik.
Gizonezko Kirol Saria jasotzeko hautagaia Igor Genua da, 2016an Rion izandako Joku Olinpikoetan parte hartu izanagatik Espainiako selekzioarekin.
Eta Kirol Ibilbidearen Saria irabazteko hautagaiak dira: Inaxio Sanz eta Joxe Zuza, mendizaletasuna pizteko egin duten lanagatik; eta Jose Joakin Esnal, euskal pelota sustatzeko buru belarri aritu delako.