Hernaniko Sortuk Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu duenez, azaroaren 26an bukatu zen Zohardia ponentzia, Zuzendaritza Ekipo Nazionala eta Herrialdeko ekipoak bozkatzeko epea. Azaldu dutenez, Hernanin 147 lagun zeuden akreditatuta egun horretan, eta 107k eman zuten botoa: «107tik, Zohardia ponentziak emaitza hauek izan zituen: 96 baiezko, 5 ezezko eta 6 txuri. Zuzendaritza Ekipo Nazionalak, 95 bototik 94 bai, ezezko 1 eta 0 txuri jaso zituen. Eta Herrialdeko ekipoak, 94tik 91 baiezko jaso zituen, ezezko 1 eta 2 txuri».
Oharrean diote hiruek babes zabala jasoko dutela: «nahiz eta kontuan izan behar den akreditatutako guztiek ez dutela botoa eman. Arrazoi ezberdinak egon daitezke... beraiek uste izatea akreditazioa ez zela nahikoa bozkatzeko, arazoak izatea... Kontuan izan behar da, baita ere, bozka gutxi batzuek ezezkoa eman diotela Zohardia ponentziari, eta beste batzuk txuri bozkatu dutela».
Gogoratu dute, azaroaren 27tik abenduaren 10era zabalik dagoela aukera emendakin partzialak egiteko eta Kontseilu Nazionala osatzeko, zerrenda irekietarako proposamenak egiteko: «akreditatu egin behar da. Dei egiten diegu hernaniar ezkertiar eta independentista guztiei, parte hartzeko, eta akreditatzeko. Hala bi kasuetan proposamenak egin ahal izango dituztelako, denon iritzi eta parte hartzea garrantzitsua delako. Denok gara beharrezkoak, Sortu berri bat eraikitzeko bide honetan».