Artisau Azoka eta Dantza Txapelketa, igande eguerdia girotzeko planak

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 4a, 01:00

Plaza Berri izango da gaur eguerdian, Hernaniko eki­tal­dien epizentro. Batetik, Gazteen Dantza Txapelketa antolatu du Kriskitiña Dantza Taldeak; eta bestetik Plablo Lasa Artisau Azokako postuak izango dira bertan.

Hamabi bikote, dantzan
Gazteen Dantza Txapelketako 22garren edizioa izango da jokoan, gaurkoan. 12:00etan hasiko da lehia, eta Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Villabona, Lezo, Alegi, Lizartza eta Hernaniko dantzariek hartuko dute parte. Bertako ordezkaria Unai Balerdi izango da, eta Villabonako Emeren Irurzun izango du lagun. Fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dituzte 12 bikoteek, eta dantza sueltoan aditua den epaimahaiak aukeratuko du irabazlea. Beñat Luluaga eta Aitzol Txapartegi tri­kitilariek joko dituzte txa­pelketa osoko piezak.

Artisau lanak, Pablo Lasaren omenez
Goizeko 10:00etatik postuak jarrita izango dituzte, Pablo Lasaren omenez, artisau azo­kan parte hartuko duten es­kulangileek. Denetatik izango da aukeran, 14:30ak bitar­tean: egur taila, ehungintza, xa­boiak, beira... Hamarretik gora postu izango dira. Eta noski, gazta, opilgintza, taloak... ere, ez dira faltako gaurkoan. Bestalde, bi ekitaldi ere izan­go dira: 10:30etatik 14:00e­tara egur taila erakustaldia izango da; eta 11:30etatik 13:30etara, hau­rrentzako eskulan tailerra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!