Astigarragako Udalak eta San Marko Mankomunitateak asteazkenean sinatu zuten lankidetza hitzarmena, hiri hondakinen bilketa sistema aldatzeko.
Apirilaren 17an egindako herri kontsultan erabaki zen sistema aldatzea, eta azaroaren 19ko Plenoan onartu zen bi erakundeen arteko hitzarmenari onespena ematea.
Papera, ontzi arinak eta organikoa, hilabetea bukatzerako
Datozen bi asteetan, ontzi arinak eta papera eta kartoia botatzeko edukiontziak jarriko dira; horia bata, eta urdina bestea. Organikorako edukiontziak, berriz, hilabeteko epean jarriko dira, eta errefusaren bilketarekin 2017an hasiko dira.
Bilketa sistemaren eta txip bidezko txartelen nondik norakoak azaldu zizkien Udalak herritarrei, asteazkenean bertan, eta Kronikak zabalago landuko du, datorren larunbatean.
«Bilketa integrala burutzen duen aurreneko udalerria»
Udalak jakinarazi du San Markoren eskaintza dela «merkeena eta eraginkorrena». Hain zuzen, azaldu du: «aldaketarekin 300.000 euro baino gehiago aurreztuko dira urtero: edukiontzien bidezko bilketako urteko 80.000 euroko kostua izango du eta Garbitaniak gaur egun atez atekoaren bidez egiten duenak, 400.000 eurokoa baino gehiago».
Era berean, zerbitzu aldaketa «erronka» dela ere azpimarratu du: «Astigarraga izango da hiri hondakinen arloko bilketa integrala burutzen duen lehendabiziko udalerria».