Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko egunaren bueltan, Hernaniko Udaleko Berdintasun Arloak eta herriko beste hainbat eragilek bat egin dute aurten ere, emakume hauek bizi duten egoera salatu eta herritarrak kontzientziatzeko. Hainbat ekimen izan dira azken egunetan, eta atzo arratsaldean jendetza elkartu zen manifestazio nagusian. Ekitaldiek asteazkenean izango dute segida: Ozpinaren sindromea dokumentala aurkeztuko dute; eta ondoren, Emakumeak eta bake prozesuak: Euskal Herritik Guatemalara hitzaldia izango dira Biterin.
Protokoloa, indarkeria jasaten duten emakumeei arreta hobea emateko
Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko eguna atzo bazen ere, arazoak hor jarraitzen du egunero. Hori horrela, Udalak orain gutxi sinatu du protokoloa, erakundeen arteko jarduera eta koordinazioa lantzen dira bertan, indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta hobea emateko.
Zein indarkeria mota daude?
Hasteko, Udalak herritarrei azaldu nahi izan die zein indarkeria mota dauden: tratu txar fisikoak, psikologikoak, ekonomikoak, sexu-abusuak eta sexu-erasoak, sexu-jazarpena, emakumeen eta nesken trafikoa sexu-esplotaziorako, eta emakumeen duintasuna eta segurtasuna urratzen duen edo urra dezakeen edozein ekintza edo portaera.
Gogoratu dute, indarkeria gabe bizitzea emakume guztien eskubidea dela: «zu zara zure bizitzaren jabe, zure gorputzaren jabe, eta zuk erabakitzen duzu zer egin nahi duzun. ‘Ez’ esateko eskubidea duzu, horretarako izan konfiantza zugan». Indarkeria jasaten ari direnaren zalantza duten emakumeei ere zuzendu da Udala: «zalantzak badituzu, informazioa eskuratu nahi baduzu edota laguntza eskatu nahi izanez gero, zerbitzu ezberdinen inguruko informazioa jaso dezakezu zerbitzu sozialetan, Udal Berdintasun Arloan, Udaltzaingoan, Ertzaintzan eta Osasun Zentroan.
Indarkeria dira: tratu txar fisikoak, psikologikoak, ekonomikoak; sexu abusu, eraso eta jazarpenak; emakume eta nesken sexu-esplotaziorako...
Zerbitzu sozialak: etengabeko laguntza eta aholkuak
Indarkeria jasaten duten emakumeek zerbitzu ezberdinak dituzte eskuragarri, eta Udalak, banaka azaldu nahi izan dizkie bakoitzaren funtzioak. Zerbitzu sozialen kasuan, gogoratu dute etengabeko laguntza eta aholkua jasoko dutela bertan: «gizarte langilea da kasuaren arduraduna, eta etengabeko laguntza emango dizu, erreferentzia izango da indarkeriatik ateratzeko prozesu guztian». Gogoratu dute, prozesu guztian laguntza ezberdina jasotzen dela: «prozesuan zehar, zuek eta zure ardurapean dituzunak, seme-alabak esaterako, laguntza ezberdinak beharko dituzue: ekonomikoak, aholkularitza legala eta psikologikoa, enplegu arloko laguntza, osasun laguntza, etab. Gizarte langileak emango dizu laguntza hauei buruzko informazioa eta orientazioa, tramiteak erraztuko dizkizu».
Prebentzioa eta sentsibilizazioa, Berdintasun Arloak
Udal Berdintasun Arloaren eginkizuna indarkeria jasaten dutenei zuzeneko arreta ematea bada ere, prebentzioaz eta sentsibilizazioaz arduratzen dira batez ere. Horien artean nabarmentzekoa da Emakumeentzako Jabetze Eskola: «ikastaro edo tailer hauen helburua da emakumeen ahalduntzean eragitea, tresna eta baliabideak eskainiz gure egoeraren jabe izan gaitezen eta konfiantza eta indarra berreskuratu dezagun, gure bizitzetan autonomia eta erabaki gaitasuna izateko». Era berean, gogoratu dute Berdintasun Kontseiluan hartzen dutela parte: «bertan, emakumeek eta gizonek proposatutako ekimenak eta proiektuak garatzen dira, hileroko batzarretan. Berdintasunaren alde lan egin nahi duen edonork hartu dezake parte bertan».
Udaltzaingoa, larrialdi eta arrisku egoeretarako
Udaltzaingoa da indarkeria jasaten duten emakumeek duten beste zerbitzuetako bat: larrialdi eta arrisku egoeretan arreta emateaz arduratzen dira: «Udaltzaingoan egingo dizute lehenengo harrera, eta udal zerbitzu ezberdinen berri ere jasoko duzu bertan. Behar izanez gero, lesioak badira, osasun zentrora lagunduko dizute. Salaketa jarri nahiko bazenu, honen inguruko informazioa eman eta Ertzaintzarekin harremanetan jarriko zaituzte, nahi izanez gero, bertaraino lagunduz».
Ertzaintzak, jarraipen pertsonalizatua
Ertzaintza ere, larrialdi egoeretan arreta emateaz arduratzen da: «salaketa jartzea pentsatzen ari bazara, esaterako, jarri baino lehenago eta jartzen duzun bitartean abokatu bati deitzeko aukera emango dizu Ertzaintzak, orientazioa jaso dezazun». Ertzaintzak kasuaren jarraipen pertsonalizatua egiten duela ere gogoratu dute: «jarraipenaz gain, arrisku-mailaren araberako babes neurriak hartuko ditu. Telefono mugikor bat eskainiko zaizu, arriskuan zaudenean, zuzenean kontaktatzeko zure erreferentzia ertzainarekin, eta 24 orduko telefono arreta zerbitzuarekin». Azaldu dute, Ertzaintzak unitate berezia duela gai honetaz arduratzen dena: Genero Indarkeriaren unitatea, hain zuzen.
Osasun zentroan, orientazioa
Osasun zentroari dagokionean, familia medikuak eta erizainak laguntza eta orientazioa emango diote indarkeria jasan duen emakumeari eta seme-alabei: «eraso bat jasan baduzu gerturatu anbulategi edo ospitalera, azterketa medikua egin diezazuten. Zure kabuz ezin baduzu, deitu 112ra. Sexu-erasoa jasan baduzu, adierazi eta ospitalera eramango zaituzte zuzenean, azterketa espezifikoa egiteko».
Mediku txostenaren kopia eskatzea garrantzitsua dela azpimarratu dute, epaiketa egongo balitz, edo salaketa egin behar izanez gero: «handik epaitegira ere bidaliko dute. Eta beharra izanez gero, harremanetan jarriko zaituzte Zerbitzu Sozialekin edo Ertzaintza etortzeko eskatuko da».
ZERBITZU SOZIALAK
Kontaktua: Silvia Sanchez Miguel (Gizarte langilea)
Telefonoa: 943 55 78 54 edo 943 55 78 61
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00-14:30
Helbidea: Sandiusterri 1
UDAL BERDINTASUN ARLOA
Kontaktua: Irantzu Jauregi Artola eta Maialen Apezetxea Lujanbio
Telefonoa: 943 33 70 17
Helbidea: Plaza Feminista, Aristizabal 7 behea
UDALTZAINGOA
Telefonoa: 943 24 89 00
Helbidea: Agustindarren Plaza 6 (1go solairuan)
ERTZAINTZA
Genero Indarkeriaren Unitatea
Telefonoa: 943 53 88 40 Hernaniko Ertzain Etxea
Helbidea: Latxunbe auzoa z/g
OSASUN ZENTROA
Hernaniko anbulategia
Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-20:00
Larrialdiak: astelehenetik ostiralera, 17:00-08:00. Larunbat, igande eta jai egunetan, 24 orduz.
Telefonoa: 943 00 66 66
Helbidea: Aristizabal kalea, z/g
LARRIALDIETARAKO 112