Errealitate bat da Astigarragan, hondakinen bilketaren sistema aldaketa: prest daude edukiontzi urdinak eta horiak, eta etzi egingo dute aurreneko bilketa. Hemendik aurrera, beraz, edukiontzietan bota beharko dituzte herritarrek, papera eta kartoia, eta ontzi arinak.
Organikoaren aldaketa, berriz, Gabonetarako egin nahi dute; eta errefuxaren edukiontziak, 2017an jarriko dituzte.
22 puntutan jarrita, edukiontzi horiak eta urdinak
Astearte eta asteazken honetan jarri dituzte aurreneko edukiontziak, horiak eta urdinak. Herriko 22 puntutan jarri dituzte edukiontziak (testuaren bukaerako koadroan daude gune guztiak zehaztuta).
Bi horien bilketa, papera-kartoia eta ontzi arinena, edukiontzi bidez egingo dira aurrerantzean. Irekiak izango dira edukiontzi horiak eta urdinak, eta edozein momentutan bota ahal izango dira hondakinak, txartelen beharrik izan gabe.
Abenduaren 13ra arte, trantsizio gisa, atez ateko sistemaren bilketa ere egingo dute. Baina hortik aurrera, ez dituzte gehiago jasoko. Eta nahi duenak, aukera izango du abenduan zehar, atez atekoaren edukiontziak udaletxean uzteko: hondakinen informazio bulegoan, astelehen eta ostiraletan. Aukeran izango da, entregatu edo nork beretzat gorde.
Organikoaren eta errefuxaren edukiontziak, txartelarekin
Ez dira irekiak izango, ordea, organikoaren eta errefuxaren edukiontziak. Txartelen bidez irekiko dira, eta etxe bakoitzeko, txartel bat banatuko da.
Organikoaren edukiontziak, txartelak konfiguratzeko zain
Etzi ez, baina hemendik egun batzuetara jarriko dute martxan organikoaren bilketa ere, edukiontzi bidez. Izan ere, txartelak konfiguratzeko zain daude oraindik. San Markok, dagoeneko badauzka edukiontziak, eta txartel horien diseinua ere eginda dago, baina konfiguratzea falta da. Espero dute, Gabonetarako jarrita egotea, egun horietan sortzen den zabor kopurua ere, haundiagoa dela kontutan hartuta.
Nahiz eta itxita egon, edozein egun eta ordutan bota ahal izango da organikoa ere, txartela erabiliz.
Errefuxarena, 2017an
Gehiago atzeratuko dena, errefuxaren aldaketa da. Izan ere, San Markok errefuxarentzat dauzkan edukiontziak, txartel irakurgailurik gabekoak dira, eta berriak eskatu behar izan dituzte. Aurreikusi dute, 2017ko otsaila eta martxoan partean egon daitezkeela jarrita.
Beste hondakinak ez bezala, errefuxa ezingo da edozein momentutan bota. Astean egun batez bota ahal izango da, asteazkenetan, egun osoan zehar. Salbuespen bakarra, pardelak izango dira. Horiek bai, egunero bota ahal izango dira, baina horretarako, baimena eskatu beharko da udaletxean, eta eskatu dutenen txartela konfiguratuko dute, errefuxaren edukiontziak momentu guztietan ireki ahal izateko.
Pardelak egunero botatzeko aukera izango denez, astean hiru aldiz egingo dute bilketa, usain txarrak saihesteko.
Hondakin sortzaile haundiei, zerbitzu pertsonalizatua
2017an jarriko dute martxan, baita ere, hondakin sortzaile haundientzako zerbitzu berezia. Alegia, komertzio, taberna, sagardotegi eta abarren hondakinen bilketa berezia. Beraiekin harremanetan jarriko dira San Markoko arduradunak, ahalik eta zerbitzu onena eta pertsonalizatuena emateko asmoz.
Datorren urtean abiatuko dute beraientzako bilketa berezia, eta bitartean, edukiontzi arruntekin funtzionatu beharko dute haiek ere.
Gainontzeko hondakinen bilketak, berdin
Sistema aldaketak eragingo die papera eta kartoiari, ontzi arinei, organikoari eta errefuxari. Gainontzeko hondakinen bilketak, aldiz, orain arte bezala egingo dira aurrerantzean ere; beiraren, arroparen, olioaren eta pilen bilketak, alegia.
Irekiak izango dira edukiontzi horiek ere, orain arte bezala.
Konposta guneak, zaborrontzi txikiak eta larrialdi guneak, toki berdinetan
Eta berdin mantenduko dituzte, baita ere, larrialdi guneak eta edukiontzi txikiak; herrian zehar dauden zaborrontziak, papera eta kartoia, ontzi arinak, organikoa eta errefuxa botatzeko.
Konposta guneak ere, toki berdinetan mantenduko dituzte, bilketa sistema aldatuta ere. Beraz, konposta egin nahi duenak, orain arteko gune berdinetan aurkituko ditu etxolak.
EDUKIONTZIEN GUNEAK
22 puntutan egongo dira edukiontziak
l Kale Nagusian (5): Correos aurrean, Anuska parean, Anuska pasata, Sagardo plazaren parean, eta larrialdi gunean.
l Pelotari kalean, Joseba Barandiaran plazaren parean.
l Donostia ibilbidean (3): Astigarraga Autoren parean, Haurreskolaren aurrean, eta errotondaren pareko etxeen aurrean.
l Santio Zeharran (2): Herri Eskola parean, eta pixka bat beherago.
l Galtzaur kalean (2): Gaztañaga etxearen ondoan, eta beherago.
l Arrobitxulon (2): auzoko sarreran, eta plazaren ondoan.
l Lanberri kalean: Pentagono etxearen aurrean.
l Ergobian, zubiaren ondoan.
l Zubigainen, Dia supermerkatuaren aurrean.
l Apeztegi plazaren sarreran.
l Tomas Alba kalean.
l Txomin San Sebastian kalean.
l Auspero kalean.