Eta zuretzat, nolako esperientzia izan da 200 orduz euskera hutsez bizitzea?

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 3a, 01:00

Esperientzia berezia izango da, seguru, euskera hutsez bizi­tzeko saiakera egitea. Erronka horri heldu zioten, aurreko la­runbatean, 500 astigartarrek baino gehiagok, 200 orduko esperientzia pertsonala bizi­tzeko asmoz. Gaur arte iraungo du 100 da 100... 200 ordu euskaraz egitasmoak; Euskeraren Egunera arte, hain justu.
Ba egitasmoari itxiera eman eta Euskeraren Nazioar­te­ko Egu­na ospatzeko, Foru Pla­zan elkartuko dira astigartarrak, goi­zeko 11:30etatik aurrera, hain­bat ekintzaren bueltan.

Kontatu zure esperientzia!
Herritar askok hartu dute parte egitasmoan; zehazki, 447 hiztun, 47 hizkide eta 19 denda izan dira, izena eman dutenak. Eta 200 ordu horietan bizitako esperientzia, gainontzeko herri­­ta­rrekin konpartitzea nahi dute. Horretarako, postua jarriko dute Foru Plazan bertan, eta bideoan grabatuko dituzte, par­te hartu dutenen esperientziak: pasadizoak, bitxikeriak, ateratako ondorioak... Guztiak animatu dituzte, postura hurbildu eta beraien esperientzia per­tsonala kontatzera.
Jolaserako eta ondo pasa­tzeko tartea ere soberan izango da plazan. Aurrena, zunba saio bat egingo dute, 11:00etan hasi eta 12:00etara arte. Eta ondoren, patinen gainean arituko dira jolasean. Eta nahi duenak, aurpegia margotu eta marrazteko aukera ere izango du!

Haurren bertsoak, azken mezuaren aurretik
Eta ospakizunari bukaera ema­teko, beste bi ekitaldi izango dira: aurrena, bertso batzuk eskai­niko dituzte, Astiga­rra­ga­ko Herri Eskolako 6garren mailako ikasleek; eta ondoren, az­ken mezua irakurriko diete bertaratuei. Horrekin bukatuko dira gaurko ospakizunak; euskerak, ordea, ez dauka epemugarik. 

 

EUSKERAREN EGUNA 
GAUR, Foru Plazan
11:00-12:00, Zunba saioa.
12:00-13:30, 100 da 100... 200 ordu euskaraz standa: izandako esperientziak bideoan grabatuko dira: pasadizoak, bitxikeriak, ateratako ondorioak... Hurbildu eta kontatu zure esperientzia!
12:00-13:30, Jolasak patinen gainean.
12:00, Aurpegia margotzeko eta marrazteko aukera haurrentzat.
13:30, Ikastolako 6garren mailako ikasleak bertsotan.
13:40, Azken mezua.

 

Udal Gobernuaren oharra

«Zorionak, partehartzaile guztioi!»

Euskararen Nazioarteko Egu­na dela aprobetxatuz, Udal Gobernuak zoriondu nahi izan ditu 100 da 100... 200 ordu euskaraz egitasmoan parte hartu duten guztiak, eta baita aurretik hori lantzen lagundu duten elkarte eta bizilagunak ere: «euskera bultzatzea da, hain zuzen ere, EAJren gobernuaren premisa garrantzi­tsuenetarikoa. Eta gainera, horrelako ekimenak ezinbestekoak dira, gure herrian bizikidetza sustatzeko. Oso lagun­garriak dira, herritarren arteko harreman sozial berriak sortu eta aurretik zeudenak indartzeko», azaldu dute.
Eta eskerrak eman nahi izan dizkiote, EH Bilduri ere: «bereziki eskertu nahi diogu EH Bilduri, Astigarragan euskeraren sustapenean egin duen eta egiten duen lana, eta ildo horretan, 100 da 100... 200 ordu euskaraz bezalako egitasmoak martxan jartzea ahalbidetzea. EAJk betidanik adierazi du, beste alderdiekin elkarlanean aritzeko borondatea, eta ho­rre­gatik, bereziki poz­ten gaitu, euskeraren ingu­­ruan lan egiteko, gure ezberdintasunak alde batera uzteko gai izanak».
Eta gonbidatu dituzte he­rri­tar guztiak, gaur egingo diren ekintzetan parte hartzera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!