Sahararen Aldeko Euskal Karabana martxan da aurten ere. Azaldu dutenez, gaurtik hasi eta otsaila bitartean, Hernanin hainbat puntutan egingo dute produktu bilketa. Ikastoletara esaterako, gaurtik abenduaren 23a bitartean izango da produktuak emateko aukera. Kultur etxean ere, gaur jarriko dute produktuak biltzeko kutxa, eta urtarrilaren 10a arte izango da aukera. Supermerkatuetan aldiz, egun puntualetan egingo da bilketa: abenduaren 16 arratsaldean, 17 goizean, eta 2017ko otsailaren 3an eta 4an.
Zer komeni da ematea?
Bilketan edozein produktu ongi etorria bada ere, antolatzaileek egokienak diren produktuak zerrendatu dituzte: arroza, lekaleak, pasta, sardinak eta atuna oliotan, azukrea eta konpresak.
«Tindufeko kanpamenduetan bizirauteko ezinbestekoa da kanpotik datorren laguntza»
Gogoratu dute, Sahararen Aldeko Euskal Karabana premiazko laguntza emateko proiektua dela: «Saharako Ilargierdi Gorriaren eta Saharar Emakumeen Nazio Batasunaren deiari erantzunez, karabana bultzatzea erabaki dugu». Errefuxiatuak bizi diren lekuaren eta eremuaren egoera berezia dela gogoratu dute: «saharar errefuxiatuek Tindufeko kanpamenduetan bizirik irauteko, ezinbestekoa dute kanpotik datorren laguntza». Gogoratu dute, 1975etik hona, nazioarteko zenbait erakunde arduratu direla elikaduraz: ACNUR, Europar Batasuna, ECHO eta PAM dira, horietako batzuk. Janari hau ez da, ordea, erregulartasunarekin iristen, eta eskasia egoerak ematen dira. Desnutrizioak eragindako patologiak nagusitzen dira eta beste gaixotasun batzuei aurre egiteko gaitasuna murriztu egiten da».
Taldea irekia, herritarrei
Hernanin Sahararen alde biltzen den taldea irekita dagoela ere gogoratu nahi izan dute oharrean: «jendea behar dugu lanerako. Bakoitzak ahal duena egin dezake: bilera eta ekintzetan parte hartu, egun batean, bi orduz, ordubetez... ahal duena edo nahi duena».