tokiko Garapena, sustapen ekonomikoa eta enplegu arloa sustatzeko, lankidetza hitzarmena sinatu dute Buruntzaldea-Beterriko sei Udalek. Asteartean berretsi zuen Plenoak hitzarmena, alderdi guztien aldeko botoarekin. Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil eta Hernaniko Udalek sinatu dute hitzarmena, eskualdean garatzen diren proiektuak elkarlanean antolatu eta bideratzeko.
Proiektu horiek dira ekintzaileei eta enpresei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, tokiko enplegu planak eta sektoreko foroak. Azaldu zuten, Gipuzkoako eskualde guztien garapen agentzien bitartez egiten dela arlo horietako programen eta ekimenen koordinazioa. Buruntzaldea-Beterriko agentzia sortu bitartean ordea, lankidetza hitzarmena baliatuko dute sei Udalek, arlo horietako politiken antolakuntza eta kudeaketa hobetzeko. Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen, tekniko mahai bat osatuko dela, eta zuzendaritza politiko bat ere izango dela. Horrez gain, udal batek izango du guztiaren ardura; zehazki, Andoaingo Udalak.
Aho batez onartu bazen ere, oposizioko alderdiek zituzten kezkak azaldu zituzten Plenoan. EAJko Maria Otaegik azaldu zuen, hitzarmen honek 4 urteko iraupena izango duela, eta horrek kezka sortu diela: «gure kezka da, hain epe luzea izanda, agentziaren sorrera atzeratu egingo ote den. Gure ustez hitzarmena urtero berritu beharko litzateke». Alkateak erantzun zion, hitzarmenaren epea 4 urtekoa izango bada ere, eskualdeko udalerri guztien asmoa dela agentzia lehenbailehen jartzea martxan».
Orain Hernaniko David Guiradok azpimarratu zuen, ados daudela agentziaren sorrerarekin; eta beraiek ere uste dutela, hitzarmenak urterokoa beharko lukeela.
PSE-EE alderdiko Ricardo Crespok bi zalantza argitu nahi izan zituen: batetik, langileen kontratazioaren inguruan galdetu zuen; eta bestetik, Foru Aldundiaren diru laguntzaz aritu zen: «lau urteko laguntza aurreikusi da, eta ondo legoke hori orientatiboa dela jartzea, ez dela ziurra alegia». Alkateak erantzun zuen, momentuz helburua dela Udalek dituzten baliabideekin martxan hastea; bertako teknikari eta abarrekin. Ondoren Garapen Agentziaren sorrerarekin ikusiko dela kontratazioren bat egin behar ote den.
Luis Intxauspe eta Xabier Lertxundi, ordezkariak
Aurreko puntuarekin lotuta, lankidetza akordio honetan Udal bakoitzak bi ordezkari izendatu behar zituela gogoratu zuen Intxauspe alkateak. EH Bilduren aldeko botoekin, ordezkariak Luis Intxauspe bera eta Xabier Lertxundi izatea erabaki zen; PSE-EE, Orain Hernani eta EAJ abstenitu egin ziren.
Aurrekontu partehartzaileak, onartuta
Herritarrek aurrekontu partehartzaileetan aukeratutako proposamenak ere onartu zituen astearteko Plenoak. 500.000 euroko aurrekontua aurreikusi bazuten ere, 501.900 euro gastatzea erabaki zen. EAJko Andoni Amonarraizek esan zuen, eskertu izango zuela aurretik Bozeramaile Batzordetik pasa izan balitz. Abstenitu egingo zirela azaldu zuen, nahiz eta aurretik prozesutik ateratzea erabaki izan, aurrekontuak partehartzaileak zirelako eta herritarrei errespetu hori zor zielako. PSE-EEko Crespok bozkaketan ez zutela parte hartuko iragarri zuen: «proposamena Plenotik pasatzea garrantzitsua dela uste dugu, baina ateratzea erabaki genuen prozesutik, eta arrazoi horregatik ez dugu bozkatuko». Orain Hernanik gogoratu zuen, Jarraipen Batzordea behin bakarrik bildu dela, eta izenak berak dioen moduan, faltan bota dutela prozesuari jarraipena egin ahal izateko. Gobernu Taldeak arrazoi zuela erantzun zion OH!ko kideari.
Euskararen Eguneko adierazpen instituzionala, onartuta
Plenoak onartu zuen baita ere, asteartean, Euskeraren Egunaren bueltako adierazpen instituzionala. Ospatzeko nahikoa motibo badela diote: «urrian eta azaroan, 6 astez, indar proba antolatu da Hernanin, eta frogatu da gauza garela euskerari eusteko, Hernanin euskeraz bizitzeko. Hizkuntza bat biziberritzea ez da gauetik goizerako kontua. Erakunde ezberdinak eta herritarrak aritu dira 40 urteotan Hernanin euskerari arnasa ematen». Euskeraren inguruko hainbat datu ere, ematen dira: «datu berrienak 2011koak dira, eta bertan azaltzen da hernaniarren %60 dela gai euskeraz hitz egiteko; eta %20 ulertzeko». Adierazpenaren bukaeran, Udalak eskerrak ematen dizkie indar proban parte hartu duten guztiei, eta animatu dituzte bide horretan aurrera egiteko.