Atzotik lanean dira, herritarrak eta Udaleko teknikari eta ordezkariak, Astigarragako Mapa Morea osatzeko. Horren helburua da, herria aztertzea genero ikuspegitik, eta «lan tresna erabilgarri bat osatzea, herritarrek herriarentzat sortua, ikuspegia zabalduz».
Atzo egin zuten egitasmoaren aurreneko saioa, Galtzaur jubilatuen elkartean; eta gaur eta bihar emango diote jarraipena, udaletxeko pleno aretoan, 18:30etatik 20:00etara. Bi egunetan, euskeraz egingo dute saioa.
Laugarren eta azkeneko saioa, berriz, ostiralean egingo dute, gaztelaniaz; Galtzaur elkartean bertan, arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara.
Kale, plaza eta espazio publikoak, aztergai
Udalak herritar guztiak gonbidatu eta animatu ditu saio irekietara. Bertan aztertuko dituzte herriko kale, plaza eta espazio publikoak: ze leku erabiltzen diren gehiago, zeintzuk ez, zein saihesten diren gauetan edo neguan, oinezkoen ibilbide sareak, ekipamenduak...