Azaroaren 25aren harira, Hernaniko Izan Gizon taldeko kideek beraien adierazpena bidali dute Kronikara: «Gizon agurgarria, afrikarrak ez garen arren, ezin ditugu begiak itxi: han miseria eta hemen hesiak eraikitzen ari dira, eta gu ere sistema honen erantzule gara. Ondorioz, milaka lagun Mediterraneoan itotzen ari dira. Era berean, emakumeak ez garen arren, ezin dugu entzungorrarenak egin. Batzuentzat indarkeria eta besteentzat pribilegioak eragiten dituen sistemaren ondorioz, Euskal Herrian hainbat emakume hiltzen dituzte».
Oharrean eskatzen diete herritarrei begiak irekitzeko, belarriak garbitzeko: «hausnartu zuk eta guztiok barneratuak ditugun matxismo haundi eta txiki horietaz, hausnartu gizonezkoa izateak emandako boteretik zure ahotsa inposatu zenuen azken aldiaz, nola jokatu zenuen whatsappeko azken txiste matxistaren aurrean... Posizionatzea eskatzen dute: «gure buruak berrasmatu ditzagun, eboluziona dezagun indarkeriarik gabe adierazi dezakeen gizon horretarantz. Indarkeria matxistatik libre dagoen gizartean bizi nahi baitugu».