MENDIRIZ MENDI
Artikutzako sarrera eta Oiartzungo Altzibar auzoa lotzen duen ibilbidea egitea proposatu du Mendiriz Mendik, abenduaren 18rako. Artikutzako trenbide zaharrak erabiltzen zuen ibilbidea da. Azpimarratzekoak dira meategiekin erlazionaturiko aztarnak, baserri-inguruak, erreka bazterrak eta ibilbideko lepoetatik Aiako Harri aldera dauden ikuspegi panoramikoak. Gaur egun bide honek PR-GI 1007 ibilbidea osatzen du.
Industriarekin batera garatutako bideak
XIX. mendean meatze- eta oihan-industria garrantzitsua garatu zen Artikutza eta inguruko mendietan. Bertako burdin eta egur-ikatz ekoizpenak komunikazio bide egokiak behar zituen ekonomikoki errentagarria izateko. Hori lortzeko burdinbideak erabili ziren. Bide horiekin Artikutza eta Errenteriako portua konektatzea lortzen zen.
Garai desberdinetan ezaugarri desberdinak izan zituzten bi burdinbide erabili ziren. Lehena izan zen, 1897. urteraino erabili zena, Artikutza eta Eskasen artean dagoen desnibel handia gainditzeko zig-zag handiak egiten zituen burdinbide estua. Bagonetak igotzeko idiak erabiltzen zituen. Bigarrena, 0,6 metroko zabalerakoa, 1898. urtean eraiki zen. Guztira 30 km inguruko luzera zuen eta garai hartan mota horretako Espainiako trenbide luzeena izan zen.
Aldapan gora, plano inklinatu hidraulikoei esker
Bigarren burdinbide hori Elamako burdin meategian hasten zen eta, Artikutzako auzoa zeharkatu ondoren, Eskaseraino igotzen zen plano inklinatu batez baliatuz. Plano inklinatuak malda oso handiak dituzten burdinbide edo trenbideak dira. Bertan, funikular batean gertatzen den antzera, kablez edo katez arrastaka eramandako bagonetek gora eta behera zirkulatzen zuten. Artikutza aldeko plano inklinatu horrek zuen bitxikeria zen, hidraulikoa zela. Funikularraren kontrapisuek urarekin funtzionatzen zuten.
Aldapan behera, lurrun bidezko tren-makinekin
Bianditzeko lepoa bere azpian zulatu zen tunel baten bidez gainditzen zuen burdinbideak eta Oiartzunera jaisteko bidean beste bi plano inklinatu eraiki ziren. Plano inklinatu horiek Zaldin izeneko tokiraino jaisten ziren eta bertatik, malda gutxiko burdinbide batetik Zorrola errekara. Alde honetako plano inklinatuek lurrun bidezko tren-makinekin funtzionatzen zuten. Ibilbideak 675 metroko kota maximoa zuen Bianditzeko tunelean eta 10m ingurukoa Errenterian.
XX. mende hasierara arte
Trenbide horrek guztira lau tren-makina eta 63 bagoneta izan zituen. Bagoneta bakoitzaren kapazitatea 2,5 tona ingurukoa zen eta kopuru erdia, gutxi-gorabehera, mineralak garraiatzeko erabiltzen zen eta beste erdia egur ikatzarako. Bere garai onenean egunean 48 tona material inguru garraiatzen zituen, bidai bakoitzean hamabi tona. Tren honek 1917. urtean funtzionatzeari utzi zion, ez baitzen ekonomikoki errentagarria.
Bidea, tunel batetik bestera
Eskasetik irten eta tunela erabiliz beste aldera pasako gara. Bideari ekin eta berehala lehenengo plano inklinatuaren arrastoetara iritsiko gara. Bertan eraikinaren aztarnak erabiliz piknik-gune moduko bat inprobisatu dute. Hemendik plano inklinatuaren lehenengo zubira malda gogorra da, baina erraz jaisten da. Lehenengo zubi hori apurtuta dago eta bidezidor batetik inguratzen da. Zertxobait aurrerago pago baso eder batean sartuko gara eta bere barrutik egingo dugu beheranzko bidea.
Gora egin ondoren, behera
Bigarren tunelera iristen da. Tunel hau eskuinean dagoen bidezidor batetik inguratzen da. Bideak pista batetik jaisten jarraitzen du. Zertxobait aurrerago Pilotasoro izeneko lepora iristen da. Bertatik Aiako Harrira dauden bistak ikusgarriak dira. Bista horiengatik soilik merezi du ibilbidea egitea.
Errekaraino eta bukatu arte, behera
Jaisten jarraitu behar da errekara iritsi arte. Bideak erreka ertzetik behera jarraitzen du modu apalago batean. Ibilbideko aldapa gogorrak amaitu dira. Bidetik jarraituz hirugarren eta azken tunelera iristen da. Tunel hau egoera txarrean egoten da, lokatzez, behien kakaz eta ur-putzuz beteta, eta hori dela eta, gainetik pasatzen da.
Burdinbideari jarraituz Galtzaraberriko zentralaren hondakinetara iristen da. Bideak, Karrika errekaren ertzetik jarraituz, izen bereko auzora eramango gaitu. Zertxobait aurrerago Artaso Elkarteko egoitzaren albotik pasatuko gara. Bertan amaitzen dira PR-GI 1007ko marka zuri eta horiak.
Ibilbideari amaiera emateko, pabiloien artetik eta azken zatian errepide ertzetik, Altzibar auzora hurbiltzea soilik geratzen zaigu.
Datu interesgarriak:
ARTIKUTZA-OIARTZUN
Non kokatzen da: Gipuzkoan.
Luzera: 12 km.
Denbora: 3 ordu.
Desnibel metatua: 100 metro gorantz eta 650 beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbidearen zatirik haundiena maldan behera izango da.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
*Mendiriz Mendik abenduaren 18an egingo du irteera hau.