Kultur Etxe berriaren gaiari heldu diote azkeneko Hirigintza Batzordean, eta Udal Gobernuak azaldu du, bertan aztertu dutela, proiektua jasotzen duen hitzarmena: «EAJren Udal Gobernuak aktibatu egin du, EH Bilduren legealdian alboratua izan den Kultur Etxearen proiektua. Ez dugu ulertzen, Astigarragarentzat hain garrantzitsua den egitasmoa baztertuta eduki izana. Udal taldea lanean ari da, eraikitze lanak lehenbailehen hasi daitezen», azaldu dute.
Izan ere, bere erronka da «Kultur Etxe berria aurrera eramatea», Urumea Berri auzoko Kontxa Etxeberria plazan: «proiektu estrategiko honen helburua da, gaur egungo kultur etxearen mugak gainditzea, eta aldi berean, astigartarren bizitza kulturala goitik behera aldatzea eta hobetzea».
Haurtxokoa, aretoa eta gelak
Beharren mapa osatu zuen kultur teknikariak, eta herriko elkarteek ere egin dituzte ekarpenak. Horien arabera banatu dituzte Kultur Etxe berriko espazioak, eta izango ditu: haurtxoko bat, liburutegi, ikasgela eta ordenagailu gunea izango dituena; erabilera ezberdinetarako areto bat; eta ikastaroak eta erakusketak antolatzeko gelak.
Gainera, Norberto Almandoz musika eskola ere, bertan kokatuko da «modu esanguratsuan», azaldu dutenez.
«Kultur Etxe berria lehentasuna da guretzat»
Hitzarmenari esker, Kultur Etxe berria kosturik gabe eraikiko du promotorak, eta baita 160 Babes Ofizialeko etxebizitza. Baina orain, konpromiso horien aldaketa eskatu du promotorak: «exijituko diogu proposamena hobetu dezala, gure helburua baita, Kultur Etxe berria errealitate egitea; eta ez dugu EH Bilduk bezala egingo, proiektua kajoian utzi. Herriak Kultur Etxe berria behar du, eta lanean ari gara egitasmoa gauzatzeko; herritarren gehiengoaren erabakia aurrera eramanez, hondakin bilketa sistemarekin egin dugun bezala. Gure hitza eman eta bete», azpimarratu dute.