Sei asteko erronkaren parte izan dira 1.800dik gora hernaniar: euskerari eutsi diote. Atzo izan zen Biterin itxiera ekitaldia, eta egun hauetan parte hartutako asko gerturatu ziren balorazioa entzuteko gogoz. Bideo proiekzioarekin hasi zen ekitaldia: bertan bildu zituzten sei aste hauetan izandako ekitaldiak eta hainbat partehartzaileren balorazioak. Zuzenean ere, bideoa bukatuta, animatu ziren erronkaren parte izan diren bost lagun edo talde, bizitutakoa kontatzera. Bat zetozen guztiak esperientzia aberasgarria izan zela azpimarratzean. Erderara jotzeko duten erraztasunaz konturatzeko balio izan diela ere aipatu zuten batzuk; eta erronka hau hasiera besterik ez zela aipatu zuten guztiek. Bide horretatik jarraitu zuten hain zuzen, antolatzaileek bukaeran: «oso pozik gaude. Ahalegina eginda ikusi da posible dela euskeraz bizitzea. Zergatik ez hasi beste erronka bat? Ez dezagun aterkia itxi, jarraitu euskerari eusten».