Belarri eta ahoak prest, euskerarekin zentzumen guztiak goxatzeko

Kronika - Erredakzioa 2016ko aza. 26a, 01:00

Euskararen Eguna iritsi arteko egitasmoari gaur emango zaio hasiera, Astigarragan; 284 hiz­tunek eta 36 hizkidek konpromisoa hartu dute, astebetez euskeraz bizitzeko.
Eguerdiko 13:00ean jarri dute zita, Foru plazan, hasiera ekitaldirako. Bertan egingo da aurkezpena, eta bakoitzak dagokion txapa eta agenda jaso beharko ditu. Era berean, esketxak, musika, pintxoak, sagardoa... izango dira, zentzumen guztiak euskeraz bizitzeko prestatzeko.

Bukatzeko ere, festa
Euskeraz bizitzeko egitasmo honek astebete iraungo du; gaur hasi eta Euskararen Egu­nera arte, abenduaren 3ra arte.
Orduan ere, festa antolatu da. Hasteko, goizeko 11:00etatik 12:00etarako tartean, zunba saioa izango da. Ondoren, 12:00etatik 13:30etara, postua irekiko da, egitasmoan parte hartu dutenek beren esperientzia konta dezaten. Bideoan grabatuko da zein bizipen izan dituzten, bitxikeriaren bat gertatu ote zaien, ondorioren bat atera ote duten... Era berean, ordu horretan patinen gaineko jolasak izango dira, eta baita aurpegia margotzeko eta marrazteko aukera ere. 13:30e­tan, berriz, Herri Eskolako 6garren mailako ikasleek bertso saioa emango dute, eta bukatzeko, 13:40etan, azken mezua zabalduko da.

 

JAVIER ORTIZ GOMEZ HIZKIDEA

«Euskeraren bidez herri bat eta bere ohiturak ezagutu ditzaket»

Beste hainbat ekitalditan parte hartzera ere animatu izan da Javier Ortiz, eta oraingoan ere, ez du gogorik falta erronkari heldu eta euskerak eskaintzen dizkion aukera berriak aprobetxatzeko.

Nojatik etorri zen Javier Ortiz Gómez duela 11 bat urte, eta azken seiak AEK euskaltegian euskera ikasten eman ditu. Gustatzen zaiolako ari da euskera ikasten, eta aste honetako erronkari heltzeko irrikitan dago.

Hizkide izango zara aste honetan. Zergatik?
Sei bat urte dira euskera ikasten hasi nintzela, eta zerotik hasi nintzen. Ezagutzen dudan jendearekin lasaiago hitz egiten dut, baina ezezagunekin urduriago jartzen naiz...

Ezagunekin, beraz, entzun bakarrik ez; euskeraz egin ere, egiten duzu?
Seme-alabekin komunikatzeko ere hasi nintzen euskeraz ikasten, baina herrian ere jende askok egiten du, eta aukera gehiago izan nahi nituen harremanak sortzeko. Etxean normalean gaztelaniaz egiteko ohitura daukagu; emazteak eskolan ikasi zuen euskeraz, baina bere gurasoak erdaldunak dira. Kalean, ordea, saiatzen naiz, kiroldegian, kultur etxean, AEKn, jende berria ezagutzean...

Zer espero duzu 100 da 100, 200 orduz euskaraz egitasmoan parte hartuta?
Euskera bada kultura, kirola, jendea... Elkarrizketa bat baino gehiago da. Gauza asko dira. Euskera, neretzako, ez da komunikatzeko tresna bakarrik. Euskeraren bidez herri bat eta bertako ohiturak ezagutu ditzaket. Pixkanaka ari naiz ikasten, gustatzen zaidalako. Ez daukat presarik. Ez dut titulurik nahi. Horregatik, espero dut aukera emango didala jende berria ezagutzeko... Egue­r­diko 13:00ean familiarekin gerturatuko naiz, eta izango dugu aukera elkarrekin gozatzeko.

«Elkar ulertzea da kontua; nahi bada, komunikatzea lortu daiteke»

Zer uste duzu kostako zaizula gehien? Zer eskatuko zenioke zurekin euskeraz egitera animatzen denari?
Seguru kostako zaidala. Askok ezagutzen naute eta batzuek esaten dute euskalduna naizela. Baina gehienez ere, euskaldun berria naiz! Azkar hitz egiten didatenean urduri jartzen naiz eta apuroa ematen dit mantsoago hitz egiteko eskatzeak; batez ere, ezagutzen ez baditut. Bestela, pazientzia handia edukitzen dute!

Urduri zaude?
Korrikan, AEK euskaltegiak antolatzen dituen Zilegi Eskoletan eta bestelako ekintzetan ere hartu izan dut parte. Gustatzen zait. Urez beteta egon ala ez, pistinara salto egin beharra dago! Errazena da esatea ez dudala euskeraz ulertzen. Baina euskeraz egitera ohituta dagoenari ere kosta egiten zaio gaztelaniaz aritzea. Elkar ulertzea da kontua; nahi bada, komunikatzea lortu daiteke.

 

IXONE MARTINEZ DE ILARDUIA CHOCARRO HIZTUNA

«Balioko digu ikasteko zein den gure puntu ahula»

Gaztetan, eskolan, euskera ikasitakoa da Ixone Martínez de Ilarduia, eta euskeraz bizi da hein haundi batean. Baina ohitura batzuk aldatzea kosta egiten dela badaki, eta saiatzeko prest dago.

Burua jarri gabe dauka oraindik, Ixone Martínez de Ilar­duiak, 100 da 100, 200 orduz euskeraz egitasmoari begira. «Kartelak-eta, ikusi di­tut, baina oraindik ez naiz ja­rri», dio. Hala ere, garbi dauka zertan egin behar duen indar, euskeraz bizitzeko.

Euskaldun zaharra zara? Euskeraz egitera ohituta zaudela ematen du...
Euskaldun zaharra, baina ikastolan ikasia. Etxean ez genuen egiten, baina lagunekin bai. Eta orain, familiarekin euskeraz egiten dut.

Nolatan eman duzu izena egitasmo honetan?
Egian egin zenean gustatu egin zitzaidan ideia, eta Gu­ra­so Elkarteko kide naizen aldetik, koordinatzaleak egitasmoaren berri eman zigunean, pentsatu nuen bultzatu beharra zegoela. Umeek ez bagaituzte helduak euskeraz entzuten, ez dute normaltzat hartuko. Beti gustatu izan zait horrelakoetan parte har­tzea, ahal dudan neurrian.

Zure egunerokotasunean ere, euskal hiztuna zara?
Bai. Ez daukat arazorik egunerokoan euskeraz egiteko: erosketak egitean, gure amatxo koadrilan... Esaldiren bat ateratzen zait noizean behin gaztelaniaz, baina saiatzen naiz beti euskeraz egiten. Agian herritik kanpo zailagoa egiten zait; hotel batean egiten dut lan eta ingeles bati ezin diot euskeraz egin!

Orduan, erraza egingo zaizu hiztun papera betetzea. Ala zailtasunik izango duzula espero duzu?
Uste dut zailena izango dela ohitura batzuk aldatzea. Askotan pertsona bakoitza hizkuntza batekin lotzen dugu, eta nahiz eta jakin euskeraz badakiela, zaila egiten da eustea. Horretan gehiago saiatuko naiz. Eta etxean egitea izango da zailena. Aita AEKn hasia da. Ulertzen du, eta nere umeei euskeraz egiten die, baina etxeko hizkuntza gaztelania izan da beti. Ahizparekin ere, nahiz eta berak, nik bezala ikastolan ikasi duen, gaztelaniaz egiten dut. Saiatuko gara. Gehien kostako dena horixe izango da; ezgautzen dudan jendearekin hizkuntzari dagokionean txip aldaketa egitea.

Zure inguruan beste inork hartuko al du parte?
Gurasoek ez, Martutenen bizi baitira. Senarrak ere ez. Baina ez dut galdetu inguruko gainontzekoek zer egingo duten. Txapak ikustean jakingo dut!

Eta astebete hau pasa ondoren, zer?
Honek balioko digu ikasteko zein den gure puntu ahula. Ondo dago egitasmo bezala. Gero, autoebaluatzen hasiko gara. Egia esan, nork bere burua ezagutzen du. Honek sinbolikoki balioko du, ikusteko bizitza normala ere euskeraz egin daitekeela, eta erakusteko, hala dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!