Argi eta gas komertzialak etxeetara egiten ari diren bisitekin kontu izateko eskatu dute

Kronika - Erredakzioa 2016ko aza. 29a, 01:00

Kontsumo bulegoak Kroni­ka­ra bidalitako oharrean azal­du duenez, azken asteetan kexak eta salaketak jaso dituzte, argi eta gas komer­tzia­lak etxeetara egiten ari diren bisitekin: «salmenta oldarkor eta engainagarriekin gerturatzen dira, gas eta elektrizitate konpainia batzuetako komertzialak direla esanez».

«Orain arteko praktika txarretan, promesa bat da gakoa»
Oharrean azaldu dutenez, orain arte detektatu dituzten praktika txarrek promesa bat dute oinarri: «fakturen beherapena edo tarifa onuragarriago bat aplikatuko zaizula esango dizute. Ezkutatzen duten benetako asmoa ordea, kontratu bat sinatzea da, beste konpainia batera aldatzeko; gainera, ez dizute bermatuko hilaren bukaeran murrizketarik duzun ala ez fakturan».
Azaldu dutenez, hainbat teknika erabiltzen dituzte: «esango dizute, zuk kontratatutako konpainiakoak direla. Faktura bat erakustea eskatuko dizute, tarifa-tasa lortzeko aitzakiarekin, edo aplikatutako prezioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako az­ken eguneraketara egokitzen diren ikusteko; justifikazioa izaten da, beraiek ez dutela datu hori, enpresako beste departamentu bat arduratzen dela horretaz».
Ohikoa da baita ere, elektrizitate-enkatean esleipedun bakarra izan den konpainiaren ordezkari direla esatea: «baita ere, esaten dute, sektoreko enpresek bat egin dutela eta orain bakarra arduratuko dela. Presioa egiten dute enpresa horretara aldatzeko, prezio onenez gozatu ahal izateko».
Beste kasu batzuetan ospe oneko erakundeetako langile gisa agertzen dira: «Ener­gia­ren Euskal Erakundekoak edo Kon­tsumitzaileen Infor­mazio­rako Udal Bulegokoak direla esaten dute. Enpresa jakin batekin kontratatzera gonbidatzen zaituzte, haien iritzi kualifikatuaren arabera, es­kaintza komertzial askoz lehiakorragoa delako».

«Zuhurrak izatea gomendatzen dugu»
KIUBek kontsumitzaile eta erabiltzaileei gogorarazi nahi die zuhurrak izan behar dutela etxera gerturatzen diren komertzialekin, eta oinarrizko gomendio batzuk eman dituzte: «1. Eskatu behar bezala identifikatzeko; 2. Galdetu zeure buruari, zure konpainiako den norbaitek zergatik ez duen zure daturik; 3. Ez eman inoiz inori zure datu pertsonalik, zure kontratazioaren ezaugarririk edo edozein informazio ga­rrantzitsu agertzen den faktura edo dokumenturik. Ez utzi ar­gazkirik ateratzen zure NANri edo aurreko fakturei; 4. Gogoratu erakunde ofizialek ez dutela harreman komertzialik inongo enpresekin, eta gomendiorik ere ez dutela ematen; 5. Konpainiaz aldatu nahi baduzu, informa zaitez aurretik, modu kritikoan: aztertu estrak, fakturazio aldiak, tarifak...; 6. Okerreko praktikaren bat detektatzen baduzu, egoeraren berri eman KIUBan; eta azkenik, 7. Etxean bisita izan ostean kontratu bat sinatzen baduzu gas edo elektrizitate konpainia batekin: eskatu kontratuaren kopia baldintzak ondo jakiteko; gogoratu 14 egun dituzula atzera egiteko, hau da, eraginik gabe uzteko zergatik azaldu gabe eta zigorrik jaso gabe; eta izan zaitez uneoro sinatzen duzunaren jakitun; konpainia berriak kontratazioaren ondorengo 14 egunetan gasez edo argiz hornitzen hastea nahi baduzu, espresuki eskatu beharko duzu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!