Irailean 80 urte bete ziren indar faxistak Hernanin sartu zirela. Honen bueltan, eta orain hamar urte hasitako bideari segida emanez, Bide bazterretan bila 1936-2016 Oroimena proiektatuz jardunaldiak antolatu dituzte. Lau egunetako programazioa antolatu dute: igandean, oroimena etorkizunaren giltza dela gogoratuko duen murala margotu zuten, musikak, gaztain erreak eta sagardoak lagunduta. Gaurtik ostegunera bitartean berriz, hiru dokumental proiektatuko dituzte Biterin, 19:00etan hasita; bertaratzen direnek gainera, dokumental bakoitzaren zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango dute.
‘Indomables. Una historia de mujeres libres’ gaur
Juan Felipek zuzendutako dokumentala ikusteko aukera izango dute gaur, Biterira gerturatzen direnek: Indomables. Una historia de mujeres libres. Hasiera ekitaldia herriko bertsolariek egingo dute, eta ondoren solasaldia izango da Juan Felipe zuzendaria eta Idoia Eizmendi feministarekin.
Dokumentalean kontatzen da 20 mila afiliatu izatera iritsi den Mujeres libres erakunde libertarioaren eta feministaren historia. Erakunde honen helburua zen emakumezkoak ezjakintasunaren morrontza krudeletik euren kabuz askatzea: «emakume haiek egindako lana sekulakoa izan zen, nahiz eta gizonezkoek indiferentzia erakutsi». 1936ko maiatzean izen bereko aldizkaria argitaratu zuten, eta aurreneko ale horretatik, erakundeak distira hartu zuen. Urtebetera, 1937an egin zen Mujeres Libres erakundeko Nazio Federakuntzaren Lehen Estatu Kongresua: «lan hori guztia gerra zibilaren garaian egitea ez zen lan erraza izan; garaipen frankistaren ondorioei egin behar izan zieten aurre, besteak beste. Hala ere, historiatik baztertu arren, lan itzela eta bakarra» izan zela goraipatu dute antolatzaileek.
Bi dokumental, bihar eta etzi
Dokumental proiekzioek segida izango dute bihar eta etzi. Ijito oroimena dokumentala proiektatuko dute bihar David Gimenezekin, AGIFUGI elkarteko kidearekin eta David Martin historialariarekin.
Ostegunean berriz, Zerrauts ogia gose garaiko grebak dokumentala jarriko dute. Xabi Ibarzabal Esnaolak aurkeztuko du eta ostean, Patxi Egilaz zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango da.