Eternal Runnigaren Munduko Zirkuitua irabazi du aurten Ismael Mateo hernaniarrak; horregatik erabaki zuen Ruben Lopez Eternal Runningen zuzendariak Hernanin aurkeztea 2017an txapelketak izango dituen berrikuntzak.
Baina nobedade horiek aurkeztu aurretik, bi aitortza egin zituen Denontzat gimnasioan. Aurrenekoa, Ismael Mateo berari, irabazle izan delako; eta bestea, Denontzat taldeari, gehien irabazi duen taldea izateagatik. Mateok eta taldeak, txapela bana jaso zuten, Lopezen eskutik.
Eternal Running ‘The Circus’ nobedade haundiena
Sariak banatu ondoren, 2017ko Eternal Runningaren nondik norakoak azaldu zituen: «34 karrera izango dira Espainia osoan zehar, inoiz baino gehiago». Gainera, apostu berria egin nahi izan dute: Eternal Running The Circusekin. «Ideia da asteazkenean sartu eta igandera arte, lau egunez, bertatik atera beharrik ez izatea», azaldu zuen Lopezek. Txakurrentzako zirkuitua, mistoa bikoteka... denetarik egongo da kokaleku berean.
Dominak, hemendik aurrera
2017ko beste berrikuntza bat izango da, 16 urteren ondoren, dominak banatzen hasiko direla txapelketetan: «presio herrikoiaren ondorioz», onartu zuen. Tribial antzeko bat bezala planteatu dute, eta lau koloreak lortzen dituztenen artean bidaia bat zozketatuko dute.
Nobedade gehiago egongo dira eta horiek Eternal Runningeko sare sozialen bitartez jakinaraziko dituzte, gutxinaka.