Alternaktiba azoka antolatu duzue gaur Hernanin. Herritarrei erakutsi nahi diezue dituzten behar guztiak ase ditzaketela ekonomia sozialaren bitartez. Ekonomia sozialaz ari garenean, zertaz ari gara?
Egun, kooperatiba, elkarte, lan sozietate, etab. dira ekonomia sozialaren forma juridiko nagusiak, eta bi ezaugarri nagusi dituzte: batetik, enpresaren jabetza langileena dela, eta bestetik erabakiak modu demokratikoan hartzen direla; pertsona bat, bozka bat.
Euskal Herrian MCCko esperientzia hartzen da erreferente nagusitzat. Globalizazioaren kontrako topaguneetan, Porto Alegren egindakoan, Ekonomia Sozial berri bat sortzen hasi zen; izen ezberdinak hartu ditu tokiaren arabera, eta gurean Ekonomia Solidario edo Eraldatzailearen izena hartu du. Honek ekonomia sozialaren jabetza eta demokrazia irizpideak bereganatu zituen arren, beste ezaugarri batzuk ere txertatu zizkion, Gizarte Mugimendu berrietatik eratortzen ziren diskurtsoak eta praktikak, alegia. Horrela, ekologismoa, feminismoa, demokrazia sakona eta antzeko kontzeptuak bereganatu zituen. Esan genezake, Ekonomia Sozial Eraldatzaileak lanpostu ahalik eta duinenak sortzeaz gain, egungo jendartean dauden botere harreman desorekatuak aintzat hartu, eta hauek eraldatzeko apustu politiko argi eta garbia egiten duela.
Elikadura, energia, telekomunikazioak, finantzak etab. luze bat Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen baitan ase daitezkeela diozue. Hernaniarrok ba al ditugu inguruan izaera honetako nahikoa enpresa kontsumo eredua aldatzeko?
Azaldu bezala, egun, Ekonomia Sozial Eraldatzailea ekonomiaren fase guztietan aurki dezakegu. Beraz, erantzuna baiezkoa da. Gure egunerokoan dauzkagun behar gehienak, denak ez badira, berdintasuna, jasangarritasuna eta eraldaketa soziala bultzatzen duten esperientzien bidez ase ditzakegu.
Gaurkoan horietako batzuk ezagutzeko aukera izango da. Eskualdeko alternatiba ekonomiko eta enpresarial berriak ikustaraztea izango da helburuetako bat, eta nahi duenak hauen bazkide eta bezero egiteko aukera izango du.
Hori da helburua bai. Batetik, ikustaraztea lehen aipatu bezala, egun posible dela, beste irizpide batzuetan oinarrituta, gure eguneroko beharrak modu erraz eta erosoan asetzea.
Bestetik, nahia da eskualdean azkeneko urteotan Kooperatzen ekintzailetza sozial eta kooperatiboko zerbitzutik irten diren enpresa eraldatzaile berriak ezagutzea.
Eta azkenik, aurten ere eskainiko dugun zerbitzuaren inguruko informazioa izango dugu bertan, eta baita izena emateko aukera ere.
Hain zuzen horri, eskaini duzuen zerbitzuari helduz, Tokiko Garapeneko teknikaria zaren heinean, zein balorazio egiten duzu?
Egia esan, balorazioa ezin hobea da. 1go urtean eskualdeko 20 langabeturentzat zegoen bideratua, eta egun 4 proiektu daude martxan, 9 laguni lanpostua ematen dietenak; eta beste bat sortze bidean dago. 2garren urtean deialdia irekiagoa izan zen, eta nahi zuen orok eman zezakeen izena. 23 ikasle inguru animatu ziren, eta egun 6-8 proiektu inguruk jarraitzen dute bidea egiten; batzuk sortze prozesuan eta beste batzuk kontsolidazio fasean.
Enpresa motei dagokionez, aniztasuna da nagusi: komunikazioa eta generoa lantzen duten enpresak, sare sozialetan adituak direnak, pasta fabrika, pelikulak egiten dituen ikusentzunezko enpresa bat, baratzagintza...
Aipatu moduan, izena emateko aukera izango da gaurko azokan. Izan ere, urtarriletik aurrera zerbitzu horrek segida izango du, Mondragon Unibertsitatearekin, Olatukoop eta Gipuzkoako beste hiru garapen agentziekin batera Ekintzailetza Sozial eta Kooperatiboarekin lotutako zerbitzua emango baituzue. Nori zuzendua dago?
Estatu mailan ez dago honekin konparatu daitekeen beste zerbitzurik. Beraz, hartzaile ezberdinei dago bideratua: batetik, modu kolektibo eta kooperatiboan enpresa berri bat sortu nahi duten ekintzaileei. Bestetik, euren jarduna profesionalizatu nahi duten elkarte eta herrigintzako eragile guztiei. Eta azkenik, barnekintzailetza sustatu nahi duten enpresa guztiei. Beti egoten dira proiektu berriak buruan, baliabide falta edo jakintza faltagatik burutzen ez direnak. Horiek guztiak modu eraldatzailean garatzeko aukera eskaini nahi dugu.
Baita ere, irekia dago modu indibidualean ekonomia sozial eta eraldatzailean formakuntza jaso nahi duten guztiei. Hala ere, arreta berezia jarri nahi diegu iniziatiba berriak sortu nahi dituzten horiei, beraien jarduna profesionalizatu nahi duten elkarte eta eragileetako kideei edo barnekintzailetza sustatu nahi duten enpresei.