«Harrituta gaude, ze arrakasta izan duen Aldapan gora abestiak, bapatean. Elur bola bezala ari da haunditzen», dio Aitor Huizik. Huntza taldeko kide da bera, eta baita Uxue Amonarriz ere, hernaniarrak biak. Biolina jotzen du Huizik, eta panderoa Amonarrizek, abestiei ahotsa jartzeaz gainera.
Eta abestiak berak dioen bezala, aldapan gora ziztu bizian dijoa taldea ere: hilabete bakarrean, YouTuben 100.000 ikustalditik gora izan ditu abestiaren bideoak.
«Sustoarekin gaude oraindik, ze urruti ari garen iristen!», diote pozik: «udaran hasi ginen kontzertuetan, eta estudiotik aurreneko abestia iritsi zitzaigunean, YouTuben eta Facebooken jarri genuen. Eta sekulako harrera izan du! Gero, jakin genuenean Gaztea Top zerrendan sartzear ginela, pasada bat izan zen». Eta bi astetan lehenengo postura igo dira!
«Agian arrakastaren motiboa da, azkenaldian ez zegoela nobedaderik, parrandarako genero horretan»
Huizik onartzen du, komentatu dutela taldean, zein izan daitekeen arrakastaren arrazoia: «genero horretan, trikitixa baina rock estiloan, parrandarako diren abesti horietan, azkenaldian ez zegoen nobedaderik, eta guk kanta berri bat atera dugu estilo horretakoa. Agian hori izan da arrakastaren motiboa».
Disko «alaia eta martxosoa», Durangoko Azokarako
Beste nobedaderik ere badu Huntza taldeak: Ertzetik diskoa aurkeztuko dute Durangoko Azokan, eta emanaldi bat ere eskainiko dute bertan. Irailean grabatu zuten, eta pozik daude emaitzarekin: «disko alaia eta martxosoa atera zaigu. Aldapan gora abestiaren tankerakoak izango dira, parrandarako. Guk ere ederki pasatzen dugulako jotzen, parranda ederra egiten dugu! Eta ea harrera ona duen, eta beste abestiren batek horrelako arrakasta daukan».
2014an sortu zuten taldea, unibertsitate giroan: sei gipuzkoar elkartu ziren Bilbon, batak bestea ezagutzen zuela, eta beste harek hirugarren bat... Horietatik bi, hernaniarrak: «aurretik ere ezagutzen genuen elkar, Uxuek eta biok; nire arreba bere koadrilakoa da, pentsa! Baina aurretik ez genuen elkarrekin jo, taldean elkartu gara aurrenekoz. Eta ederki moldatzen gara elkarrekin jotzen!».
Hasiera hartan, ikasleentzako erresidentzia batean jotzen zuten, gela bat hartuta. Orain ez daude denak Bilbon, eta bere kaxa entsaiatzen dute. Ataunen (taldeko bi anai bertakoak dira) elkartzen dira udaran eta ahal dutenetan, Udalak uzten dien lokal batean. yy