Gaur emango diote hasiera Bide bazterretan bila (1936-2016). Oroimena proiektatuz jardunaldiei, indar faxistak Hernanin sartu zirela 80 urte bete diren urte honetan.
Tilosetan jarri dute zita arratsaldeko 17:00etan, eta bertan, mural bat margotuko dute, antolatzaileek azaldu dutenez, «oroimena etorkizunaren giltza dela» gogoratuko duena. Murala margotzen duten bitartean, musika izango da zuzenean, baita gaztain erreak eta urteko sagardoa dastatzeko aukera ere.
Hiru dokumental, datorren astean
Gaurko hasiera ludikoaren ondoren, hiru dokumentalen proiekzioa izango da datorren astean, Biterin.
Juan Felipek zuzendutako Indomables. Una historia de mujeres libres jarriko dute asteartean. Aurreneko saioa denez, herriko bertsolarien emanaldiarekin egingo dute hasiera ekitaldia, eta proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da zuzendariarekin berarekin eta Idoia Eizmendi feministarekin.
Asteazkenean, Ijito oroimena. Memoria gitana. Guerra Civil y dictadura en EH dokumentala jarriko dute, eta David Gimenez AGIFUGI elkarteko kidea eta David Martin historialariarekin hitz egiteko tartea izango da, jarraian.
Eta bukatzeko, ostegunean, Zerrauts ogia. Gose garaiko grebak dokumentala ikusi ahal izango da, Xabier Ibarzabal Esnaolak Hernaniko bonbardaketari buruzko azalpenak entzun ondoren. Kasu honetan ere, solasaldia izango da bukaeran, Patxi Egilaz dokumentalaren zuzendariarekin.
Hiru saioak Biterin izango dira, arratsaldeko 19:00etan hasita.