Azaroa ekitaldiz betea heldu da Goizuetara. Azaro kulturalari atzo eman zioten hasiera, eta gaur eta bihar ere jarraipena emanen diote.
Gaur bertan, Jakoba Errekondo izanen da jangelan, 11:00etan, Bizi baratzea liburua aurkezteko. Arratsaldean, berriz, musean eta trukean aritzeko aukera izanen dute jubilatuen Umore Ona elkartean. Umeek, bestalde, jolaserako tartea izanen dute eskolan. Eta eguna bukatzeko, animatzen denak, plaza dantzetan aritu ahal izanen du.
Biharkoa, berriz, Jubilatuen Eguna izanen da: pilota partiduak, bazkaria eta kantu emanaldia izanen dituzte, eguneko gozagarri.
Beste hainbat ekintza, datozen egunetan
Datorren astean ere, gehiago izanen da. Batetik, ostiralean bertan Ametsen liburua aurkeztuko dute Ganbaran. Bestetik, San Martin egunaren bueltan, Mariu-Baratzeetan aranoarrekin eginen dute bat goizuetarrek, hilaren 12an. Era berean, Goizuetako Hizkera ezagutzeko aukera izanen da, Oihana Lujanbioren eskutik. Bestalde, igandearekin Amalurraren ahotsak dokumentala jarriko dute, eta asteburu osoan Iñigo Elizegiren margolanak izanen dira ikusgai.
Hurrengo asteetan, beste dokumental eta liburu bana ezagutzeko aukera izanen da: Gutik Zura eta Esentzia, hurrenenz hurren.
Azaroak 25, seinalatua
Urteroko bestelako zitarik ere ez da faltako aurten; adibidez, azaroaren 25eko kontzentrazioa, Emakumeenganako indarkeriaren kontrakoa.
Bestalde, azoka haundia azaroaren 26an eginen da, eta azaroaren 18rako, pintxo kalejira berezia prestatu dute.
Izenemateak, zabalik
Ekitaldi guztietan irekia da partehartzea, baina batzuetan izena eman behar da; hilaren 19an emanen den kontserba ikastaroan eta hilaren 20an eginen den erreka garbiketarako zitan.
Azaro kulturala
Gaur,
11:00, Bizi baratzea liburuaren aurkezpena, jangelan, Jakoba Errekondorekin.
16:30, jubilatuen mus eta truk txapelketa, Umore Ona elkartean.
17:00, umeentzako jolasak, eskolako frontoian.
19:00, plaza dantzak, dantzako lokalean.
Bihar,
Jubilatuen Eguna: pilota partiduak, bazkaria eta kantu emanaldia, Ainhoa Zabaletarekin.
Azaroak 11
19:00, Ametsen liburuaren aurkezpena, Ganbaran.
Asteburu osoan, margolan erakusketa, Iñigo Elizegi.
Azaroak 12
Goizean, aranoarrekin topaketa Mairu-Baratzeetan.
11:00, plaza dantzak, dantzako lokaletan.
18:00, Goizuetako Hizkera aztergai, Oihana Lujanbiorekin, jangelan.
Azaroak 13
11:30-13:30, Iñigo Elizegiren margolan erakusketa.
18:00, Amalurraren ahotsak dokumentala.
Azaroak 18
19:00, pintxo kalejira dantzariekin, herrian barrena.
Azaroak 19
09:00-14:00, Kontserba ikastaroa, Umore Ona elkartean.
18:00, Gutik Zura dokumentala, Ganbaran.
Azaroak 20,
Goizean, erreka garbiketa auzolanean
Azaroak 25
18:30, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako kontzentrazioa, plazan.
19:00, Esentzia liburuaren aurkezpena, Ganbaran, Ander Olaizolarekin.
Azaroak 26
Nekazaritza produktu, artisau eta ganadu feria.
*Antolatzailea: Goizuetako kultur taldea.
Laguntzailea: Goizueta Udala.